• eu
Kontaktatu
  • IMQ IGURCOK laguntzen zaitu
  • IMQ Igurco-k programa bat abiarazi du doan Ondarroan hipertentsioa eta bihotzeko gutxiegitasuna prebenitzeko

IMQ Igurco-k programa bat abiarazi du doan Ondarroan hipertentsioa eta bihotzeko gutxiegitasuna prebenitzeko

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Bizkaian horrelako programa bat martxan jarriko duen lehenengo udalerria da Ondarroa.
  • Herritarrek tentsioa, pultsua, oxigeno-asetasuna edo pisua doan neurtzeko aukera izango dute, baita bizi-azturei buruzko osasun-galdetegi bati erantzutekoa ere.
  • Sendagile batek ikuskatuko du programa eta horren bidez erabiltzaileari bihotzeko arrisku mailaz ohartaraziko zaio, hala balegokio,osasun-zerbitzura joan dadin.

IMQ Igurco-k Bizkaian aurrendaria den programa bat abiarazi berri du Ondarroan, Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko laguntzarekin, hipertentsio arteriala edo bihotzeko gutxiegitasuna izateko arriskua gutxitzeko asmoz. Programa doakoa da eta herriko adinekoentzako eguneko zentroan (Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren barrukoa eta IMQ Igurco-k kudeatzen duena) jarri den “Osasun Kioskoa” izango da.

Programa horren eskutik, hortaz, herritarrek, edozein adin dela ere, asistentzia-zentroko profesionalen laguntzarekin, eguneko zentroan tentsioa, pultsua, oxigeno-asetasuna edo pisua doan neurtzeko aukera izango dute, baita bizi-azturei buruzko osasun-galdetegi bati erantzutekoa ere. Datu horiek osasun-programak aztertuko ditu, eta arrisku ertainik edo handirik aurkitzen bada, IMQ Igurco-ko sendagile bati jakinaraziko zaio: horrek emaitzak baloratuko ditu eta txosten bat egingo du, dagokion osasun-gomendioa adierazteko.

Hipertentsio arteriala eta bihotzeko gutxiegitasuna prebenitzeko programa berri hori aurkezteko ekitaldira pertsona hauek bertaratu dira: Zunbeltz Bedialauneta, Ondarroako alkatea; Rakel Elu, Lea-Artibai Mankomunitateko burua; Sergio Murillo, Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusia; Oier Zuberogoitia, Bizkaiko Tutoretza Erakundearen zuzendaria, eta Iñaki Artaza sendagilea, mediku geriatra eta IMQ Igurco-ko Asistentzia zuzendaria. Baita Eneritz Elgezua ekimenaren sustatzailea eta IMQ Igurco-ko Eguneko Zentroetako zuzendaria ere.

Artaza sendagileak adierazi duenez, “programa pertsonalizatua da eta sendagile batek ikuskatzen du. Ondarrutarrentzat irisgarria da, herriaren erdi-erdian baitago,

adinekoentzako eguneko zentroan (San Inazio kalea 21, etxabea), baita eskuragarria ere, Osasun Kioskoan astelehenetik ostiralera 10:00etatik 17:00etara eskura dutelako”.

IMQ Igurco-ko geriatra eta asistentzia-zuzendariak hipertentsioa eta bihotzeko gutxiegitasuna prebenitzeak duen garrantzia azpimarratu du, batez ere, adinekoen artean, baina ez horiengan bakarrik. “Euskadin hipertentsio arterialaren prebalentzia % 21 (45 eta 64 urte artean) eta % 51 (65 urtetik gorakoak) artean dabil. Hipertentsio arteriala gaixotasun kardiobaskularren barruan dago, eta Euskadin heriotzen % 26,92ren kausa dira”.

Artaza doktoreak honetaz ohartarazten du: “hipertentsio arteriala duten hiru pertsonen artean bati ez zaio diagnostikatu, hipertentsioak, lehen faseetan, ez duelako sintomarik; eta hipertentsioa duten hiru pertsonen artean batek ez du egoki betetzen tratamendua edo ez du kontrol egokirik. Hori guztia dela eta, “Osasun Kioskoa” ekimena Ondarroako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin martxan jarri izanak ondarrutarren osasunean ondorio ona izan lezakeela azterrarazi digu”.

Bestetik, Ondarroako alkate Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriagak hauxe azpimarratu du: “Ondarroan zahartze aktiboaren alde ari gara lanean. 60Tik gorako herritarrek kirola eta jarduera sozial eta kulturaletan jarduera aktiboa izan dezaten. Norberaren zaintzan urratsak emateko eguneko zentroa izan da inflexio puntua. Makina hauei esker datuak erraztasunez lortzean, autonomia eta lasaitasuna ekarriko die herritarrei”.

Rakel Elu Bengoetxea, Lea-Artibai Mankomunitateko lehendakariaren arabera “eskualdeko herri guztietan sustatu beharko lirake gisa honetako ekimenak. Amankomunazgoan lanean ari gara zerbitzuak deszentralizatzeko, eta norabide horretan doazen urrats guztiak babestuko ditugu".

Eta Sergio Murillok, Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusiak, hauxe adierazi du: “Zelan zahartzen garen, gure bizitza zelan bizitzen dugun arabera baldintzatuta dago. Horregatik, gaixotasun kroniko bat dugunean, honen ondorioak ez jasatzeko eta kontrolatuta eudukitzeko, gure osasunarengan ahalduntzea, menpekotasuna prebenitzea eta neurketak egitea oso garrantsitsuak dira. Eta gaur aurkezten den iniziatiba, guzti honekin zer ikusi haundia dauka: pertsonak ahaldundu egin behar dira bere bizitza eta bere gaixotasunen kontrola edukitzeko, eta horrela menpekotasunari aurrea hartuta oso nagusiak egiten direnean nola biziko diren aukeratu ahal izango dute”.