Kontaktatu

IMQ Igurco-k proiektu pilotu batean parte hartzen du  gipuzkoan etxeko zainketak hedatzeko

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • ‘Urretxun Zaindu’ proiektua hainbat profil soziosanitariotako hamabost erabiltzailerekin abiaraziko da, ekimen zabalago baten zati bezala, Urretxuko Tokiko Zaintza Ekosistemaren barruan, alegia.

  • Proiektu horrek zaintzari laguntzeko zerbitzua urrunetik ematen die beren etxean kalteberatasun- edo mendekotasun-egoeran bizi diren adinekoei, nor bere etxean gera dadin.

Urretxuko Udalak Tokiko Zaintza Ekosistema aurkeztu du jendaurrean oraintsu; osasun-zerbitzuak, oinarrizko gizarte-zerbitzuak (Udalarenak), bigarren mailako gizarte-zerbitzuak (Gipuzkoako Foru Aldundiarenak) eta zerbitzu komunitarioak batu dituen estrategia da, etxean bertan zainketa pertsonalizatuak eta arreta emateko.

Ekosistema horrek bost dimentsio barne hartzen ditu, eta horietan, eredua aldatzeaz gain –kasuen kudeaketa osora eta pertsonak beren bizi-inguruan, hots, etxean geratzera bideratu da udal-ekintza–, berrikuntza sozial eta teknologikoaren alde egin da.

Horren harira, Urretxuko Udalak “Urretxun Zaindu” proiektua martxan jarri du, IMQ Igurco talde soziosanitarioaren aholkularitzari eta Ideable enpresa teknologikoak garatutako teknologiari esker.

Udalak jakinarazi duenez, proiektu horren eskutik, mendekotasuna duten pertsonei esku-hartzeak ematen zaizkie hainbat arlotan, gailu digitalen bitartez; hortaz, tabletek eta eskumuturreko adimendunek jarduera erregistratzen dute, laguntzeko eta logistika antolatzeko sistema baten barruan, prebentzioaren ikuspegitik zaintzeko.

Horrela, Udaleko Gizarte Ekintza Sailak urrunetik ematen die zaintzari laguntzeko zerbitzu bat, beren etxean kalteberatasun- edo mendekotasun-egoeran bizi diren adinekoei, nor bere etxean gera dadin. Hortaz, teknologia modu berritzailean erabiltzen da adinekoei laguntzeko beren bizi-ingurunean ahalik eta bizi-kalitate hobearekin luze bizi daitezen.

Nola dabilen

Proiektu pilotu horretan Urola Garaia mankomunitateko Urretxuko hainbat profil soziosanitariotako 15 erabiltzaile inguruk parte hartuko du, eta Udaleko Gizarte Ekintza Saileko, eguneko zentroko eta etxeko laguntza-zerbitzuko langileak zuzenean inplikatuta daude, ematen den zerbitzu soziosanitarioan esperientzia ugaria duen IMQ Igurcoko talde aditu baten laguntzarekin eta aholkularitzarekin.

Prozesuaren hasieran, Udaleko Gizarte Ekintzako langileek erabiltzailearen etxebizitza bisitatzen dute, eta, harekin batera, zaintzaileek eta haien senideek, hala badagokio, inprimaki batzuk betetzen dituzte, zerbitzuaren onuradunaren hasierako egoeraren balorazio gisa balioko dutenak.

Balorazio horrek markatuko ditu mendekotasun- edo kalteberatasun-egoeran dagoen pertsona bakoitzari etxean proposatuko zaizkion jarduerak, hots, “Banakako Arreta Plana” deritzona.

Plan hori –zeinaren prestaketa eta jarraipena kasuaren kudeatzaileek egingo duten (erabiltzaile bakoitzak kasu-kudeatzaile bat izango du Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak esleituta)– erabiltzaileekin, zaintzaileekin eta senideekin partekatuko da, plataforma digital baten bidez. Horrela, guztiek tableta batean ikusi ahal izango dituzte egunero egin beharreko ariketak eta jarduerak, eta kasuaren kudeatzailearekin zuzenean komunikatu ahal izango dira egoki deritzotena proposatzeko, zalantzak argitzeko edo kontsultak egiteko.

Erabiltzaileek gailu hauek izango dituzte eskura, nork bere beharren arabera (horiek Urretxuko Udalak emango ditu eta horiek mantentzeaz arduratuko da): tableta bat, programaren erabiltzaileei egokitua –ez da Wi-Fi konexiorik behar izango, ezta ezagutza informatikorik ere–, eta, Banakako Arreta Planak hala gomendatzen badu, jarduera monitorizatzeko eskumuturreko adimenduna.

“Urretxun Zaindu” proiektuaren zerbitzu guztiak euskaraz nahiz gaztelaniaz emango dira.