- ADEMBIren Autonomia Pertsonala Sustatzeko Zentro berriak Begoña Rueda izena izango du, elkartearen sortzaileetako baten eta ohorezko presidentearen omenez, eta IMQ Igurco Orue Egoitza Zentro Soziosanitarioa dagoen leku berean kokatuta dago.
Gure erakundearentzat poz handia da Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen (ADEMBI, gaztelaniazko sigletan) eskura jarri dela Orueko instalazioetako lokal bat, esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun neurologiko batzuk dituzten pertsonei laguntza eta zerbitzu espezializatuak emateko baliabidea abian jartzen laguntzeko.
Ekimen hori aurrerapauso itzela da hurbileko arreta-sarea sendotzeko eta, horrela, inguruko pertsona eta familientzat eskuragarri dagoen erantzun soziosanitarioa indartzeko. IMQ Igurcon dihardugunok zorionak eman nahi dizkiogu ADEMBI elkarteari urrats berri horrengatik, eta gure konpromisoa berretsi nahi dugu herritarren ongizatea, bizi-kalitatea eta autonomia pertsonala hobetzen laguntzen duten ekimenekin. Izan ere, IMQ Igurco Orue egoitza-zentro soziosanitarioan gauza bera egiten dugu duela 25 urtetik gaurdaino.
ADEMBIk, esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun neurologiko batzuk dituzten pertsonen arretan erreferentzia den Bizkaiko erakundeak, errehabilitazioarekin, laguntza psikosozialarekin eta autonomia pertsonalaren sustapenarekin loturiko zerbitzu espezializatuak hurbilduko ditu Orueren eskutik, erabiltzaileentzako arreta irisgarriagoa eta hurbilagoa izan dadin.
Zerbitzu berri hori txertatu izanak, gainera, indartu egin du Orue desgaitasuna, mendekotasuna eta laguntza espezializatuko premiak dituzten pertsonei arreta emateko ereduzko gune gisa, Durangaldea, Arratia, Lea-Artibai, Busturialdea eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdeen eskura dauden baliabideen eskaintza ugaritu baitu.
Halaber, ADEMBI Oruen egoteak lagundu egiten du ingurune hori autonomia pertsonala, neuroerrehabilitazioa eta errekuperazio funtzionala sustatzeko erreferentzia bezala finkatzen, pertsonek beren bizilekutik gertuago hainbat baliabide, hala nola fisioterapia, terapia okupazionala edo laguntza psikologiko espezializatua eskura ditzaten.
ADEMBIren Autonomia Pertsonala Sustatzeko Zentro berriak Begoña Rueda izena izango du, elkartearen sortzaileetako baten eta ohorezko presidentearen omenez, eta IMQ Igurco Orue Egoitza Zentro Soziosanitarioa dagoen leku berean kokatuta dago. Hala, biek batera baliabide-gune bat eratu dute, Orue inguruko zentro soziosanitario nagusietako bat izan dadin, eta, zeinek bere jarduera-esparrutik, Bizkaiko eskualdeetako pertsona eta familientzako laguntza-sare gero eta osoagoa garatzen laguntzeko.