- Orofaringeko disfagia elikagai solidoak nahiz likidoak murtxikatu eta irensteko zailtasuna da.
- Arazoa partzialki ala osorik konpontzen laguntzeko proposamenen bat duen ekintzaile, startup, enpresa txiki eta ertain, zentro teknologiko edo unibertsitate ororentzat da erronka hori. Proposamenak aurkezteko azken eguna 2022ko urtarrilaren 12a izango da.
IMQ Igurco, Euskadiko adinekoentzako zerbitzu soziosanitarioak ematen dituen talde nagusienetako bat, erronka bat abiarazi du oraintsu, Bizkaiko berrikuntzaren ekosistemaren barruan, disfagiaren ondorio diren arriskuak murrizteko.
Hortaz, BiOK! ekimenaren —negozio-aukera berriak sortzea sustatzen duen elkargunea, BEAZek (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia sustatzeko Saileko erakundea) eskaintzen duena— eta Nagusi Intelligence Center esparruaren barruan abiarazitako erronkaren izenburua hau da: ‘Nola gutxitu disfagiaren ondorio diren arriskuak dieta egokitzeko jarraibideen osagarri den errehabilitazio baten bidez?’.
IMQ Igurcoko proposatutako ekimena partzialki ala osorik konpontzen laguntzeko proposamenen bat duen ekintzaile, startup, enpresa txiki eta ertain, zentro teknologiko edo unibertsitate orok parte har dezake erronka horretan, Bizkaian kokatuta egon ala ez. Proposamenak aurkezteko azken eguna 2022ko urtarrilaren 12a izango da, BiOK! ekimenaren webgunean eskuragarri dagoen inprimaki baten bidez, izen-emateari datu batzuk erantsita.
IMQ Igurcoko Asistentzia zuzendari Naiara Fernández sendagile geriatrikoak hau adierazi du erronka horren gaineko ekimenaz: «orofaringeko disfagia duten pertsonek elikagaiak irensteko edo ahoan maneiatzeko eta likidoak ahoan maneiatzeko zailtasuna dute. Nahasmendu horrek aurrera egin ahala, horrekin lotutako beste sintoma batzuk agertu ohi dira, hala nola sudurreranzko berrahoratzea, eztula irenstean edo irentsi eta berehala, aldaketak hizketaren kalitatean, etab. Disfagiaren prebalentzia nabarmena da patologia neurodegeneratiboa eta onkologikoa duten adinekoengan».
Halaber, geriatriako espezialistak hau adierazi du: «egungo erronkaren helburua da konponbide berritzailea aurkitzea, disfagia errehabilitatzeko jarraibideak automatizatu eta pertsonalizatzeko, disfagiadun pertsonek nahiz horien erreferentzia zaintzaileek ahalik eta seguruen esku har dezaten, sindrome horri loturiko arriskuak eta konplikazioak saihestu edo atzeratzeko».
Erronka horretara aurkeztuko diren proposamenak oinarrietan jasota dauden irizpide batzuen arabera aztertuko dira. Hala nola, alderdi hauek hartuko dira kontuan: konponbidea senideek eta adinekoek erabiltzeko modukoa izan dadila, zentro soziosanitarioetan edo etxeetan erabil daitekeela, sindrome horrekin elkartutako patologiak dituztenek erabiltzeko modukoa izatea, errehabilitazio-jarraibideak pertsonalizatzea ahalbidetu dezala, jarraipena eta bilakaera erraz ditzala eta disfagiak eragindako arriskuak murriztu eta etxean egotea erraz dezala.
«Jasoko diren proposamen guztien artean, egungo erronkari erantzuna emango dion konponbide bat aukeratuko da, eta hori, proba pilotu baten bidez, gaur egun IMQ Igurcok eskaintzen dituen zerbitzuen erabiltzaileekin probatuko da, disfagiari aurre egiteko nutrizio-jarraibidea osatzeko eta, ahal izanez gero, horren ondoriozko arriskuak saihesteko edo atzeratzeko. Konponbideak modu pertsonalizatuan jardun beharko du arrisku-faktoreen gainean, errehabilitazio-prozesua azkarragoa eta seguruagoa izan dadin», adierazi du Naiara Fernández sendagileak.
IMQ Igurcon egingo den proba pilotuaren inbertsioa 15.000 eurokoa izango da. Konponbideak merkatu potentzial handia du, «Euskadiko nahiz Estatuko eta munduko biztanleria gero eta zaharragoa baita. Gainera, potentziala handiagoa da disfagia oso gutxitan diagnostikatzen delako, eta, hortaz, disfagiadunen ehunekoa askoz handiagoa omen da», amaitu du azaltzen IMQ Igurcoko Asistentzia zuzendariak.
Informazio-jardunaldia: azaroaren 30ean
Erronkaren ezaugarriak eta xehetasunak azaltzeko, azaroaren 30ean jardunaldi bat antolatuko da Nagusi Intelligence Center-en. Hori Interneten bidez zuzenean jarraitu ahal izango da.