Kontaktatu

IMQ Igurcok zerbitzu berria abiarazi du etxeko zainketen lagungarri, teknologia berriez baliatuta

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • IgurTEK izeneko zerbitzuak xede du adinekoak bere ingurune soziofamiliarrean ahalik eta denbora gehien eta autonomia funtzional handienarekin eta bizi-kalitate hobearekin egon daitezen erraztea. Era berean, adinekoa zaintzeaz arduratzen den pertsonari ezagutza profesionalak ematen dizkio bere zeregina egoki egin dezan.

  • Plataforma teknologiko baten bidez, adinekoaren eta bere zaintzailearen egoera aztertzen da, gaitasunak, arriskuak eta premiak identifikatzen dira eta zainketa-plan pertsonalizatuak egiten dira, eta horiek adinekoaren eboluzioaren arabera aldatzen dira. IMQ Igurcoko erreferentziazko profesional batek, zainketetan espezializatuta dagoenak, laguntza telematikoa eman eta zainketen jarraipena egiten du.

  • Aurreikusi da zerbitzu berria Durangon (Bizkaia) abiaraztea datozen asteetan, modu aitzindarian.

IMQ Igurco talde soziosanitarioak –egoitzetako arretan, eguneko zentroetako zainketetan, telelaguntzan eta adinekoen arloko informazio- eta aholkularitza-zerbitzu espezializatuetan 20 urtetik gorako esperientziaduna– ‘IgurTEK, etxeko laguntza’ zerbitzua abiarazi duela jakinarazi du oraintsu. Zerbitzu berriaren helburua da adinekoak bere ingurune soziofamiliarrean ahalik eta denbora gehien eta autonomia funtzional handienarekin eta bizi-kalitate hobearekin egon daitezen erraztea, eta, halaber, zaintzaileari ezagutza profesionalak ematea bere zeregina egoki egin dezan. Hori guztia, funtzio anitzeko plataforma teknologiko propio baten bidez, zeinari esker urruneko arreta egin daitekeen eta etxeko zainketei lagun dakiekeen. Aurreikusi da zerbitzu berria Durangon (Bizkaia) abiaraztea datozen asteetan, modu aitzindarian.

IMQ Igurcoko Eguneko Zentroetako zuzendari Eneritz Elgezuak azaldu duenez, «estatistikoki egiaztatu da pertsona gehienek etxean, beren ingurunean, non eroso eta seguru sentitzen diren, zahartu nahi dutela eta norbaitek bertan zaindu. Haatik, zeregin hori egiterakoan, hots, adineko ahul edo mendeko bat zaintzerakoan, zaintzaileak egiaztatzen ditu bai egunero zainketa horiek egiteko nekea, bai zaintzeko ezagutza, prestakuntza eta laguntza gehiago izateko premia, bere ardurapeko pertsonaren egoera eboluzionatu ahala. Prozesu horretan laguntzeko, gure profesionalen, hots, adinekoen arretako espezialisten ezagutza guztia jakinarazteko, IgurTEK garatu dugu».

Zerbitzu horren jasotzaileak «egoera zaurgarrian dauden adinekoen zaintzaileak» dira, eta laguntza-zerbitzua eskaintzen zaie zainketa-gaitasunak, arriskuak eta premiak identifikatzeko eta hainbat jarduera egiteko, zainketa-plan baten arabera.

Kasu bakoitzak bere kudeatzailea du, IMQ Igurcoko erreferentziazko profesional bat, alegia, adinekoarentzat eta zaintzailerentzat, eta profesional hura «arduratzen da bioi laguntzeaz prozesu guztian, sortzen diren premia guztiak artatzen, egoera bakoitzari pertsonalizatutako ikuspegi oso, profesional eta espezializatu batetik».

Talde soziosanitarioak adierazi duenez, IgurTEK zerbitzuak hainbat etapa edo fase du, eta fase guztiak urrunetik egiten dira, garatu den plataforma teknologikoaren bidez, eta zentro soziosanitarioetan aldizka egonda. Hain zuzen, hauek dira etapak:

Baloratu eta ebaluatzen da

Lehenik, balorazio osoa egiten da, eta adinekoaren familia-inguruneko pertsona edo ahaide batek, 20 minutu baino gutxiagoan, galde-sorta erraz bati erantzuten dio, Internet bidez. Galdetegi horrek mendetasun-egoeran dagoen pertsonari eta zaintzaileari buruzko bost arlotako informazioa biltzen du: arlo funtzionala, soziala, klinikoa eta psikologikoa eta zaintzaileren gehiegizko lana. Horretarako, plataforma teknologikoak balorazio-eredu propioa erabiltzen du, nazioartean onartutako eskala geriatriko estandarizatuetan oinarrituta.

Plataformak datuak bildu ondoren, aztertu egingo ditu IMQ Igurcoko profesionalek baliozkotutako algoritmoen bitartez, eta gaitasunak, sindromeak, premiak eta arriskuak identifikatuko ditu sozietate zienfitikoen gomendioen arabera zehaztuta. Informazio hori emaitza-txosten batean agertuko zaio, PDF formatuan, zaintzaileari, eta agiri horretan, emaitza horien arabera arlo bakoitzean egin beharreko esku-hartzeen proposamena ere txertatuko da.

Zainketa-plan indibidualizatu bat sortzen da

Emaitzak aztertu ondoren, plataformak berak zainketa-plan indibidualizatu bat sortzen du, eta horretan adinekoa zaintzeko helburuak eta ekintzak proposatzen dira, hori guztia, modu grafikoan eta egutegi baten bidez, hots, ordu, egun, aste eta hilabeteka. IMQ Igurcoko erreferentziazko profesionalak zainketa-plan hori aztertu eta baliozkotzen du zaintzailearekin batera, eta egokitzat jotzen dituen aldaketak egiten ditu, pertsonaren eta bere egoeraren arabera.

Esku-hartzeak martxan jartzen dira

Zainketa-plan pertsonalizatuak zaintzen den pertsonarentzat nahiz zaintzailearentzat jasotzen ditu esku-hartzeak, eta horien oinarria aurreko faseetan egindako diagnostikoak izango dira, eta hainbat ekintzatan zehaztuko, xehe-xehe deskribatuta. Ekintza horiek egiteko, zaintzaileak laguntza-materiala eskura dezake plataforman, hala nola agenda bat oroigarriekin, eta modu bisualean ariketak, prestakuntzak, gomendioak edo aholkulak azaltzen dituzten argazkiak eta bideoak.

Lagun egin, jarraipena egin eta kontrolatzen da

Zaintzaileak hainbat laguntza-zerbitzu ditu eskura, hala nola mendekotasun-egoeran dauden adinekoei arreta emateko eskuragai dauden zerbitzuei eta laguntzei buruzko aholkularitza, zainketak optimizatzeko gomendioak edo diziplina anitzeko prestakuntza laburrak. Azkenik, IgurTEK zerbitzuak jarraipena egiten du, eta adinekoaren eta zaintzailearen egoera aldizka baloratzen du eta zainketen bilakaera kontrolatzen, aurreko planean egin beharreko doikuntzak egiteko. Zaintzaileak zainketen kudeatzailearen laguntza du etengabe, plataforma teknologikoaren eta aldizkako jarduketa presentzialen bidez.