IMQ Igurcoko gizarte-langileak arduratzen dira Zorrotzaurre eta Virgen Blanca kliniketan informazio- eta aholkularitza-zerbitzua emateaz. Zerbitzu hori aseguratzailearen bezeroei eta horien senideei ematen dizkie IMQ-k doan, ahultasun- eta mendekotasun-egoeretan laguntzeko.
Pazienteei eta beren familiei alde hauek axola zaizkie gehien: suspertze funtzionaleko unitateak, egoitzak eta eguneko zentroak, etxeko zainketen planak, etxeko laguntza-zerbitzuak, lege-aholkularitza eta laguntza ekonomikoak, laguntza teknikoak, etxeko eraberritzeak eta telelaguntza.
Adineko pazienteei eta beren senideei ahultasun- eta mendekotasun-egoerei aurre egiten laguntzeko eta egoera horien ondorioak arinduko dituzten erabakiak hartzeko informazio egokia izaten laguntzeko helburuz, IMQ-k eremu soziosanitarioan informazioa eta aholkularitza emateko zerbitzu presentziala ezarri du Zorrotzaurre eta Virgen Blanca kliniketan: IMQ Laguntza.
IMQ Igurcoko (IMQ Taldeko dibisio sozisanitarioa) gizarte-langile bat arduratzen da zerbitzuaz, eta horren bitartez, aseguratzailearen bezeroei eta beren senideei doan eta eskatu ahala alderdi garrantzitsuei buruzko informazioa eta aholkularitza ematen zaizkie. Hala, IMQ Zorrotzaurre eta IMQ Virgen Blanca kliniketako IMQ Laguntzako gizarte-langile Cristina Barcenillak azaldu duenez, «gure ospitaleetan arreta jasotzen duten pazienteei eta bere familiei alde hauek axola zaizkie gehien: suspertze funtzionaleko unitateak, egoitzak eta eguneko zentroak, etxeko zainketen planak, etxeko laguntza-zerbitzuak, lege-aholkularitza eta laguntza ekonomikoak, laguntza teknikoak edo etxeko eraberritzeak eta telelaguntza».
Orain arte, IMQ Laguntzako aholkulariekin 94 662 04 00 telefonoaren edo imqayuda@igurco.es helbide elektronikoaren bidez harremanetan jartzeko aukera egon da. Haatik, euskal aseguratzailearen bezeroen eskaerak kontuan hartuta, IMQ-k, IMQ Igurcoren eskutik, irisgarritasuna hobetu nahi izan du eta IMQ Laguntza zerbitzu presentziala Zorrotzaurre klinikan—Euskadiko osasun-zentro pribatu nagusia— eta Virgen Blanca klinikan ematen hasi da, eta onarpena oso ona izan da.
Horrela, “Jaka urdina” zerbitzuko —IMQ-ko bezero ospitaleratuentzako laguntza-zerbitzu esklusiboa eta doakoa— profesionalekin eta bi ospitaleetako erizaintza-gainbegiratzearekin aldi oro koordinatuta lan egiteari esker, IMQ Igurco-ko gizarte-langile bat zahartzearekin, zainketekin eta bizi-kalitatearekin zerikusia duten alderdiei buruzko informazioa eta aholkularitza behar dituzten pertsonen esanetara dago.
«Askotan, adinekoak eta beren senideak ustekabeko osasun-arazoengatik daude ospitalean eta pixka bat galduta sentitzen dira etorkizun zalantzagarri baten aurrean. Haiekin hitz egin ondoren eta bizitzako etapa berria, zahartzaroa, hobeto ezagutzen hasten direnean, lasaiago geratzen eta hobeto moldatzen dira. Gure helburua da adinekoen autonomia pertsonala sustatzea eta, hori lortu ezin bada, ahalik eta bizi-kalitaterik onena lortzea», azpimarratu du IMQ Igurcoko gizarte-langileak.
Cristina Barcenillak adierazi duenez, «oro har, ospitaleratzea eragin duen lehengo egoerara itzuli nahi izaten dute gehien». Hori suspertze funtzionaleko unitateen bidez lantzen da batez ere; unitate horietan arazo traumatologikoak nahiz zerebrobaskularrak artatzen dituzte, baita ospitalizazio edo oheratze luzeen ondorengo ahultze larriak ere. «Dispositibo horietan, diziplina anitzeko lantalde espezializatu batek mediku geriatra batekin koordinatuta lan egiten du, pertsonen ahal den autonomia-mailarik handiena lortzeko», esan du.
IMQ Laguntza zerbitzua alderdi hauetaz arduratu ohi da:
- Suspertze funtzionaleko unitateak eta bizitzaren amaierako zainketak. Suspertze funtzionalean eta bizitzaren amaierako zainketetan espezializatuta dauden IMQ Igurcoko zentro guztiek informazioa eta aholkularitza ematen dute.
- Egoitzak eta eguneko zainketak. IMQ Igurcoko zentro guztiek informazioa eta aholkularitza ematen dituzte.
- Etxeko zainketa-planak. IgurTEK zerbitzuari buruzko informazioa eta aholkularitza. Zerbitzu horren helburua da IMQ Igurcoko profesionalen ezagutza erabiltzaileen etxeetaraino eramatea, mendekotasun-egoeran dauden pertsonak —zaintzaile eta IgurTEKen laguntzarekin— beren etxeetan ahalik eta denborarik gehien egon daitezen.
- Etxeko laguntza. Etxeko laguntza-zerbitzuak ematen dituzten profesionalei, enpresei eta erakunde publiko eta pribatuei buruzko informazioa, hala nola zaintzaileak hautatzeaz.
- Lege-aholkularitza eta laguntza ekonomikoak. Gai juridikoekin lotutako informazioa eta aholkularitza —adibidez, gaitasun juridikoa aldatzeko edo aurretiazko borondateen agiria egiteko izapideei buruzko informazioa— eta eskubidez jaso daitezkeen prestazio ekonomikoak (nola eta non eskuratu herri-administrazioen diru-laguntzak, mendetasunaren balorazioaren kudeaketa, atseden-zerbitzuak eta beste batzuk).
- Laguntza teknikoak eta etxeko eraberritzeak. Laguntza tekniko materialeko zerbitzuak —hala nola protesiak, ortesiak eta beste gailu ortopediko batzuk— ematen eta adinekoen segurtasuna eta behar izan ditzakeen zainketak errazteko inguruneak sortzeko etxebizitzak egokitzeko eraberritzeak egiten dituzten profesionalei eta enpresei buruzko informazioa.
- IMQ Igurcoren telelaguntza-dispositiboaren ezaugarriei buruzko informazioa eta aholkularitza eta, nahi izanez gero, zerbitzu hori etxean 24 ordutan kontratatu eta aktibatzea.