Kontaktatu

Ondarroako adineko batzuek portuko instalazioak eta arrantza lonja bisitatu dituzte ikasle batzuekin

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Adineko horiek IMQ Igurco Ondarroa eguneko foru-zentroko erabiltzaileak dira, eta ikasleak, Ondarroako Zubi Zahar herri-ikastolakoak.
  • Elkarrekin ikasteko, elkar ezagutzeko eta ingurunea ezagutzeko aldia izan zen, baita bizipenak, oroitzapenak eta balioak transmititzekoa ere.

Antxoaren arrantzaldi bete-betean, egunean 300 bokarta-tona baino gehiago deskargatzen diren egunetan, alegia, Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sareko IMQ Igurco Ondarroa eguneko zentroko erabiltzaile batzuek eta Zubi Zahar herri-ikastolako ikasle batzuek bisitaldi gidatua egin dute Ondarroako portura eta arrantza-lonjara, asistentzia-erakunde hori eta hezkuntza-erakunde hori bizitzen ari diren belaunaldiarteko programa baten esparruan.

Bisitaldia, IMQ Igurcoko gizarte-langile Sonia Roblesen hitzetan, «oso esanguratsua izan zen bi taldeentzat. Berezi-berezia. Adin-alde handiko eta bizi-esperientzia ezberdinetako bi taldeek elkarrekin ikasteko, elkar ezagutzeko eta ingurunea ezagutzeko aldia izan zen, baita bizipenak, oroitzapenak, antzinako ohiturak eta balioak transmititzekoa ere».

Gizarte-langileak adierazi duenez, «oso esperientzia aberasgarria izan zen, zentzu eta esanahi handikoa, udal-autobusera igo zirenetik hasita: herritarrekin elkartu ziren, makuluekin edo gurpil-aulkietan joan ziren adinekoei porturaino iristen lagundu zieten ikasleek, eta jardueraren gidariarekin eta erabiltzaileen testigantzen eskutik elkarrekin ikasi zuten».

Hala, IMQ Igurco Ondarroako eguneko zentroko erabiltzaile adinekoen testigantzen artean, María Asun Azpirik adierazi zuen portua eta lonja bisitatu izanak hau ekarri ziola gogora: «gaztaroa, zeinean portua arrantza-ontziez eta arrainez beteta zegoen». Haren hitzetan, «begiak malkoz bete zitzaizkidan emozioz, eta, ibilbidea nire kalean amaitu genuenean, are gehiago emozionatu nintzen. Eskerrak eman nahi dizkiet esperientzia hori gurekin bizi izan duten guztiei, bai herri-ikastolakoei, bai eguneko zentroko langileei. Oso atseginak izan ziren guztiak».

Bestetik, eguneko zentroko beste erabiltzaile batek, Carmen Serantesek, hau esan zuen: «bisitaldia hastean, pena handia sentitu nuen». Galiziatik Ondarroara 5 urteko alabarekin eta 2 urteko eta 3 hilabeteko bi semeekin etorri zen eguna ekarri zion gogora bisitaldiak. Dena den, bere hitzetan: «Ederki pasatu nuen bisitan. Berriro egin beharko dugu, oroitzapen atseginak dakarzkigu, baita latzak ere, hasiera gogorrakoak».

Antzeko sentipenak adierazi zituen, euskaraz oraingoan, Cristina Burgoak, eguneko zentroko beste erabiltzaile batek: «Oso gustora, nire gaztetasuna gogorarazi zidan, bai aldatu dela, lehen itsasontzi gehigo zeuden, gaur egun asko galdu da, arrantza mundua gogorra delako. Baina oso gustora egon nintzen oroitzapenetan bizirik».