- Errekuperazio funtziolaneko unitateetan eta eskarmentudun profesionalekin egiten den banakako lanak emaitza onak agertzen ditu paziente horiengan.
- Hasieran balorazioa eta terapeuta okupazional batekin tratamendua egiteaz gain, pazienteei prestakuntza ematen zaie gerta daitezkeen urritasun motorrentzako laguntzak eta gailuak erabiltzeari buruz.
Parkinson-en gaixotasuna era askotan ager eta bilaka daiteke. Ez daude bi kasu berdin. Tratamendua sintomatikoa da, gaur egun patologia neurodegeneratibo horrek ez baitu sendabiderik. IMQ Igurco-ko terapeuta okupazional Nahia Zamanillok azaldu duenez, Terapia Okupazionalaren Munduko Egunaren –urriaren 27a– testuinguruan, “esku-hartzerik onena tratamendu farmakologikoa eta ez-farmakologikoa bateratzean oinarritzen da, eta azken puntu horretan du garrantzi handia terapia okupazionalak, zeren eta autonomia eta burujabetasuna areagotzen laguntzen baitu, eta horrek eragina du gaixotasun hori pairatzen duten pertsonen eta horien senideen bizi-kalitatean. Horrelako pazienteekin egiten den terapia okupazionalaren esperientziak emaitza onak agertu ditu”.
Parkinsona da, Alzheimer-en gaixotasunaren atzetik, adinekoen artean bigarren gaixotasun neurodegeneratiborik ohikoena. Nerbio-sistema zentralaren nahasmendu degeneratiboa da, motela eta progresiboa, eta horretan trebetasun motorrak, kognitiboak eta komunikatiboak apurka-apurka galtzen dira.
“Hasiera batean, sintomak arinak dira eta oharkabean pasa daitezke. Pixkanaka egiten dute aurrera denboran zehar, erritmo desberdinean paziente bakoitzarengan. Sintoma motor nagusiak hauek dira: dardara, zurruntasuna, bradizinesia edo mugimendu-geldotasuna eta martxaren eta jarreraren nahasmendua. Aurreko sintomekin batera, motorrak ez diren sintomak ere ager daitezke, hala nola nahasmendu psikiatrikoak, narriadura kognitiboa eta dementzia, loaren asalduak edo nerbio-sistema autonomoaren nahasmenduak”, azpimarratu du Naiara Fernández sendagileak, IMQ Igurco-ko mediku geriatrak.
Terapia okupazionala
Terapia okupazionalaren bidez, errekuperazio funzionaleko unitateetan, esaterako, Bizkaiko IMQ Igurco Unbe egoitzan dagoen unitatean, “Parkinson-en gaixotasuna duen pertsonari balorazioa egiten zaio errekuperazio funtzionaleko unitatean sartzean, eta horretan, ukitutako edo kontserbatutako eremu okupazionaletan jartzen da arreta, batez ere, eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan, hala nola janztean, txukuntze pertsonalean, dutxatzean, elikatzean, transferentzietan, komunaren erabileran, deanbulazioan, eskailerak igo eta jaistean, eta eguneroko bizitzako jarduera instrumentaletan, hala nola gailu pertsonalak zaintzean, osasuna zaintzean, botikak erabiltzean, janaria prestatzean, erosketak egitean, dirua erabiltzean eta jantziak eta etxea zaintzean”.
Aurrekoaz gain, terapeuta okupazionalak hau azaldu du: “gauzatzeko trebetasunak eta eguneroko bizitzako jarduera guztiak egiteko erabiltzen diren trebetasunak behatu eta aztertzen dira, eta epe laburrerako eta luzerako helburuak jartzen dira, banakatuta, pertsonaren gaixotasunaren fasearen arabera”.
Halaber, hauek ere banan-banan lantzen dira: “trebetasun funtzional eta motorretan eragin zuzena duten asaldura guztiak, hala nola begi-eskuen arteko eta bi eskuen arteko koordinazioa, oratzea eta heltzea, abiaduraren estimulazioa eta mugimenduen koordinazioa, mugimendu zabal eta erritmikoak egitea, manipulatzeko trebetasuna, motrizitate xehea eta larria, eta idazmena, beste trebetasun eta iaiotasun askoren artean”.
Era berean, terapia okupazionalen bitartez, Parkinson-en gaixotasuna duenari berreskuragarriak ez diren eta azpian diren urritasunak konpentsatzen irakasten zaio, “laguntza emateko gailu egokien bidez aholkatuz eta entrenatuz (jasogailua komunean, heldulekuak edo barrak bainuontzian, pintza jasotzailea, kirten luzeko oinetakoak janztekoa, hortzetako pasta dosifikagailua, etab.), eguneroko objektuen erabilera ere egokituz (jantzietan botoien ordez belkroak jostea, hortzetako eskuilak edo orraziak loditzea…), eta etxean bertan egin daitezkeen aldaketei buruz informatzea (alfonbrarik ez jartzea, mahai-zapi irristagaitzak erabitzea, bainuontzian sartzeko oholak erabiltzea, dutxa-aulkiak eta abar erabiltzea), zehaztu du Nahia Zamanillok.
Aurrekoari, hau gehitu dio terapeuta okupazionalak: “pertsona mugak izaten hasten denean, batzuetan jarduera egiteko modua aldatu besterik ez da egin behar; merkatuan produktu ugari daude, jarduerak egiten laguntzeko eta errazteko diseinatu direnak, eta oso baliagarria da horietaz baliatzea autonomia pertsonala lortzeko”.
Azkenik, “jarduerak astiro egin behar dira; azkar egiteak sintomak okerragotzea dakar eta”, amaitu du azaltzen adituak.