- Zaintzailea akituta badago, akidura % 50 inguru murrriztuko zaio, senidea egoitzan sartu denetik urtebetera.
- Zaintzaileak bere bizimoduarekin duen gogobetetzea % 49koa ohi da senidea egoitzan sartu aurretik eta % 88koa, hamabi hilabete igaro ostean.
Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkarteak (Zahartzaroa) hogeigarren biltzarra egin du oraintsu Vitoria-Gasteizen, ‘Activando la Geriatría y la Gerontología’ lelopean. Adinekoen arretaren gaineko Euskadiko urteko ekitaldi zientifiko nagusian saritu direnetako bat, arlo psikosozialean Bilboko IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitza eta eguneko zentroak –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoa– egindako poster formatuko komunikazio zientifiko bat da.
Ikerlan horren egileak IMQ Igurcoko profesional hauek izan dira: Naiara López de Guereño (gizarte-langilea), Ignacio Orbea (fisioterapeuta), Olatz Alonso (Berrikuntzako arduraduna) eta Irama Iglesias (ikaslea praktiketan). Ikerlana egiteko, 195 senide zaintzaile (horien % 57, emakumeak) elkarrizketatu dituzte galdetegi propio baten bidez, senidea egoitzan sartu aurreko zainketen intentsitate-maila desberdineko zaintzaileak kontuan hartuta.
Egoitzetako adinekoen senide zaintzaileen ongizateari buruz aurreko ikerlanik dagoenik seguru jakiterik ez dagoenez, 26 itemeko galdetegi propioa egin zen. Galdetegi horretan zaintzailearen ongizate pertsonalari (aisia eta egoera emozionala), ongizate sozialari (harreman sozioafektiboak beste senide batzuekin, lagunekin, …) eta ongizate fisikoari (dieta, loa eta jarduera fisikoa) buruzko informazioa bildu zen, zaindu ohi zuen senidea egoitzan sartu aurretik eta ondoren.
Naiara López de Guereñok azaldu duenez, «adineko pertsona bat egoitza batean sartu izanak hura zaintzeaz arduratzen den pertsonaren ongizate pertsonalean, fisikoan eta sozialean izan zezakeen eragina ezagutzea izan zen azterlanaren helburua». Ikerketan datu hau jarri da agerian: «inkesta egin zaien zaintzaileen % 85,5ek uste zuen bere ardurapeko senidea egoitza batean sartzeko erabakia zuzena zela, eta kasuen % 15,9an bakarrik sentitu zuen zaintzaileak inguruko pertsonek errua leporatu ziotela erabaki hori hartu zuenean».
Ikerlanaren emaitzek erakutsi dutenez, «zaintzaile baten senitarteko bat egoitza batean sartu izanak hobekuntza dakarkio hari eremu pertsonalean, fisikoan eta sozialean, eta akidura nabarmen murrizten zaio. Izan ere, senidea egoitza batean sartu aurretik, zaintzaileen % 68,5ek adierazi zuen akidura sintomak zituela; adinekoak egoitzan urtebete baino gehiago zeramanean, pertzepzio hori % 36,1ek soilik zuen, hau da, ia % 50 murriztu zen».
Era berean, azterlanean agerian jarri da ongizate pertsonalak, eta, ondoren, ongizate sozialek lortu dituztela emaitza onenak senidea egoitzan sartu osteko bilakaeran (% 37,4k adierazi zuen ongizate pertsonala hobetu egin zela).
Ikerlanaren emaitza gehiago: «inkestatutako pertsonen % 88,7k adierazi zuen gaur egun gustura sentitzen dela bere bizimoduarekin, eta % 49k, berriz, senidea egoitzan sartu aurretik», adierazi du IMQ Igurco Zorrozgoitiko gizarte-langilea.
Bilakera ona, batez ere, laugarren hilabetetik aurrera
IMQ Igurco Zorrozgoitiko gizarte-langileak emaitzak xehatzen jarraitu du: «senitartekoa egoitza-zentroan sartu eta berehala, haren senideen ongizate-sentsazioa apur bat okerragotu bazen ere, ongizate-sentsazioa nabarmen hobetu zen pertsonaren ongizate orokorrean, eta bereziki egiaztatu ahal izan zen senidea egoitzan sartu eta ondorengo lau hilabeteetatik aurrera».
Hobekuntzaranzko bilakaera nabarmenagoa da hurbileko ahaidetasuna duten zaintzaileengan, hala nola seme-alabengan, «ezkontideen kasuan izan ezik, haien ongizatea % 6 okerragotu baitzen, bildutako datuen arabera».
Laguntza-talde familiarra
IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitzako profesionalek adinekoen nahiz horien senideen ongizateaz duten kezkak bultzatu zituen 2019an, senideekin batera, laguntza-talde familiarra martxan jartzera.
Harrezkeroztik, egoitzako adinekoen senideei tresna psikologikoak ematen zaizkie emozioak modu osasuntsuan kudea ditzaten, egoitzako Psikologia sailaren eta jakintza-alor anitzeko taldearen laguntzarekin.
Hortaz, egoitzako adinekoen senideen talde hori osatzen dutenek beren sentimenduak, zalantzak eta kezkak partekatzeko espazio bat dute. Era berean, sentitzen ari diren emozioak adieraztean eta beren buruak besteen esperientzietan ere islatuta sentitzean, elkarrekiko laguntza lortzen dute, eta, horren bidez, elkar ulertzeko eta laguntzeko sentimendua areagotzen zaie.