• eu
Kontaktatu
  • IMQ IGURCOK laguntzen zaitu
  • Ondarroako adinekoen eguneko zentroak belaunaldiarteko proiektu bat jarri du martxan Zaldupe herri ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleekin

Ondarroako adinekoen eguneko zentroak belaunaldiarteko proiektu bat jarri du martxan Zaldupe herri ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleekin

Residencia de ancianos. Residencia para mayores y tercera edad en Bilbao Bizkaia y Vitoria Gasteiz Araba
  • Hamabost egunez behin, gazteek eta adinekoek jarduerak egingo dituzte elkarrekin proiektu horren eskutik.
  • Ikuspegi konstruktibo, onuragarri eta natural batetik zahartzea hurbilduko diete gazteei jarduerek.
  • IMQ Igurcok taxututako proiektu horretan alderdi hauek landuko dira, besteak beste: emozioak, balioak, desberdintasunekiko errespetua, baterako ikaskuntza eta historia eta ingurua ezagutzea.

Ondarroako adinekoentzako eguneko zentroak (Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoa eta IMQ Igurcok kudeatzen duena) belaunaldiarteko proiektua abiarazi du herriko adinekoen eta Zaldupe herri-ikastetxeko ikasleen artean.

Proiektu horrek bi ikasturte (2018/2019 y 2019/2020), iraungo du, Lehen Hezkuntzako 5. mailetako ikasleek bi urtez jarraian parte har dezaten.

Jarduerak Ondarroako IMQ Igurco eguneko zentroan egingo dira, astearteetan, goizez, hamabost egunez behin, ordu betez. Asteartero, aldez aurretik eguneko zentroko psikologoak eta gizarte-langileak, Zaldupe herri-ikastetxeko irakasleekin elkarlanean, taxututako tailerra egingo da.

Tailer bakoitzak bere helburua izango du, landuko den gaiaren arabera, beti ikuspegi atsegingarri eta dibertigarri batetik eta parte-hartzaileei egokituta. Talde txikietan nahiz handietan egingo dira jarduerak, dinamikaren arabera.

Besteak beste, bizitzako historiak landuko dira, zeinen bidez, ikasleek adinekoengandik beren bizipenak bilduko dituzten, horien errealitatea ezagutu eta ulertzeko gai izan daitezen. Alde hori funtsezkoa da ondoren tailerra garatzeko.

Halaber, jarduera dinamikoak eta jolasgarriak egingo dira, ikuspegi sozial batetik, gazteak nahiz adinekoak elkarlanean ari daitezen, esperientziak eta ikaskuntzak partekatuz.

Beste saio batzuk taldeka egingo dira, jolas-dinamiken bitartez, emozio partekatuen adierazpena, bizipen bereziak, esperientzia-trukea eta eskuratutako ezagutza landuko dira. Saio horien eskutik balio unibertsalak partekatu nahi dira, esaterako, adiskidantza, elkar laguntza, tolerantzia edo aniztasuna errespetatzea, besteak beste.

Proiektuaren barruan, herriko historia zuzenean ezagutzeko aukera izango da. Hortaz, bertoko inguruarekin, historiarekin eta nortasun soziokulturalarekin loturiko jarduerak egingo dira. Horretarako, IMQ Igurcok jakinarazi duenez, Udaleko erakunde nabarmenek parte hartuko dute, hots, esperientziak garatuko dituzte adinekoek eta ikasleek esperientziak parteka ditzaten.

Ondarroako IMQ Igurco-ko eguneko zentroko psikologo Janire Achicallendek adierazi duenez, “arrakasta, gaztetasuna eta bikaintasuna nagusitzen diren gizarte honetan, gazteek desberdintasunak edo akastuna onartzeko, enpatizatzeko eta, harreman onuragarria eta konstruktiboa oinarri hartuta, besteekin harremanetan jartzeko gero eta zailtasun gehiago dituztela ikusten ari gara. Eta gizarteko balio-galera hori umeengan ere islatzen da, zeren eta, horren ondorioz, gero eta eskola-jazarpen eta gogo-aldarteko arazo gehiago baitago”.

Psikologoak adierazi duen bezala, “trebetasun emozional eta sozialetan trebatzeak garrantzi handia du pertsonen prestakuntzan eta heziketan; izan ere, bizitzan zehar garatzen diren baliabide garrantzitsuenetako bat baita, lehenago adierazitako arazoak prebenitzen edo txikiagotzen laguntzen baitu”.

Gazteen eta mendeko adinekoen arteko topaketa horietan, hortaz, “halabeharrezko errealitate batera, zahartzera, hurbiltzen ditugu gazteak, baina ikuspegi konstruktibo, onuragarri eta natural batetik”. Psikologoak azaldu duenez, “elkarrekiko harremanean oinarrituta, hainbat alderdi lantzen dugu, hala nola, trebetasunak garatzea, balioak berreskuratzea eta ezagutza historiko eta kulturalez aberastea. Jakin badakigu besteak ezagutu, lagundu eta onartzea norberarentzat onuragarriak direla”.

IMQ Igurcok beste herri batzuetan belaunaldiarteko proiektuetan hainbat urtez aritu ondoren, hau ondorioztatu du: “hainbat ikastetxetako irakasleek nahiz ikasleek esperientziekin oso pozik daudela adierazi dute baina, batez ere, umeengan gertatutako onura eta aldaketa onekin, hala nola, ikasgeletako portaera hobetu egin da, ikasleak motibatuago daude, horien autoestimua eta gogoa areagotu dira”.

Bestetik, Zalduko herri-ikastetxeko Lehen Hezkuntzako irakasle María Teresa Kaltzakortak eta Josune Akarregik hau nabarmendu dute: “pertsonaren bilakaeraren ezaugarriak aintzat hartuta, hamaika eta hamahiru urte arteko adin-tartea oso egokia da horrelako ikaskuntzak eta trebakuntza sozial eta emozionalak landu eta barneratzeko. Horregatik aukeratu ditugu Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleak proiektuan parte hartzeko”.