- IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitzako profesionalek Bilboko antzinako argazkiak ere erabiltzen dituzte, adinekoek, bilbotarrek, azken hamarkadetan Hiribilduko txokoak eta auzoak nola itxuraldatu diren egiazta dezaten.
- “Konfinamendu-egoeretan ere aurki daiteke zaintzen ditugun adinekoek komunitatearekin harremanetan jarraitzeko modua”.
“Beti izan dugu gure egoitzako adinekoek inguratzen gaituen ingurunean parte har dezaten sustatzeko interes berezia, hain zuzen, gure auzoan, Zorrotzan, ez ezik -non haietako asko bizi izan diren-, Bilbo Handiko hiri-eremu osoan ere; baina helburu hori zailago bihurtu da pandemiaren hasieratik, eta erronka are handiagoa izan da guretzat: komunitatea zentrora hurbiltzeko modua bilatzea eta adinekoei atsegingarri gerta dakiela”, azaldu du Bilboko IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitzako zuzendari María Urrozek.
Egoera hori dela eta, “gure profesional-taldeak proiektu berri bat abiarazi du, oso emaitza onekin gauzatu berri duguna. Horren izena 'Excursiones Virtuales por Bilbao' da eta, lehen saioen ondoren, gure egoitzako adinekoek biziki parte hartu eta izugarri gozatu dutela esan daiteke”.
María Urrozek azpimarratu duenez, “Zorrozgoitiko lantalde teknikoak ahalegin handia egin du proiektu berri honetan, bizi dugun egoerara egokitzeko, eta erakutsi nahi izan du, egungo konfinamendu-egoeretan ere, bestelako aukerak aurki daitezkeela zaintzen ditugun adinekoek bidaiatzeko ilusioa izaten jarrai dezaten, baina, beste modu batera, beren hirian. Garrantzitsua da komunitateko partaide izatearen sentsazioa senti dezatela”.
Helburu hori gauzatu ahal izateko, Zorrozgoitiko profesionalek telebista-pantaila erraldoia erabiltzen dute, ukipen-funtzioduna eta Bilboko Udalak eskainitako https://bilbaovisitavirtual.com zerbitzura konektatuta dagoena. Webgune horren bidez, adinekoek Hiribilduko auzo eta kaleetan barrena nabigatzen dute, eta hiriko txoko berriak, parke barriak, kirol-ekipamenduak, oinezkoentzako toki berriak eta abar berraurkitzen dituzte. “Horrela, hainbat helburu betetzea lortzen dugu, hala nola bisitaldiaren eskutik –kasu horretan, birtuala–, aisialdirako astia izatea Bilbon, adinekoek teknologia berriak erabiltzen trebatzea, gailu elektronikoen eta Interneten erabilerari lotutako estimulazio kognitiboko jarduera bat egitea, eta orientazio espaziala eta psikomotrizitatea lantzea, besteak beste”.
“Besteak beste” horien artean, IMQ Igurco Zorrozgoitiko profesionalak haratago joan dira, jarduera horretan oroitzapenari buruzko lana barne hartzean. Zentroko zuzendariak azpimarratu duenez, “ederki ezagutzen dituzten eta haientzat garrantzitsuak diren Bilboko leku zahar enblematikoenen antzinako argazki inprimatuak erabili ditugu. Horiek oinarri hartuta, adinekoek lekua https://bilbaovisitavirtual.com webgunearen planoan kokatzen dute ukipen-pantaila erraldoiaz baliatuz eta horrela, lehengo tokia eta oraingoa konparatzen dute, hitzez”.
Adinekoek egoitzatik “bizi izan diren toki horiek bisitatzen dituzte, eta lehena orainean txertati, eta lekuek dakarzkien oroitzapenak eta bizipenak sentitu eta zentroko gainerako adinekoekin eta profesionalekin partekatu”.
María Urrozek honela amaitu du azalpena: “ekimen horri esker, egoitzako adinekoen memoria historikoa eta gaurkotasuna uztartu ahal izan ditugu, baita haien bizitzen esperientzia eta tour birtualak ere, eta, oro har, adinekoak motibatuko dituzten gauza berritzaileak egiteko gogo berriak garatu ditugu. Gainera, horrek ilusio handia sortu du taldearengan, eta egoitzak adinekoentzat proiektu berritzaileak eta motibagarriak egiten jarraitzeko bultzatu du”.