- Amorebietako El Carmelo Ikastetxeko berrogeita hamar ikasle inguruk eta Bizkaiko IMQ Igurco hainbat egoitzatako dozenaka adinekok elkarrekin ibilaldia egin dute ‘Komunitate bat, adin asko’ lelopean.
- Amorebietako Udaletxean amaitu da ibilaldia, non Gizarte Ekintzako zinegotziak bertaratutakoen aurrean manifestu bat irakurri duen.
Urtero, apirilaren 29an, 2009. urteaz geroztik, Belaunaldien arteko Elkartasun eta Lankidetzaren Europako Eguna ospatzen da, Adinekoen Europako Plataformari eta Europako Gazteriaren Foroari esker.
Egun hori ospatzeko, Amorebietako Ikastetxeko eta IMQ Igurco taldeko Bizkaiko adinekoen hainbat egoitzatako (Orue, José M.ª Azkuna, Unbe eta Zorrozgoiti) adinekoek elkarrekin ibilaldia egin dute, ‘Komunitate bat, adin asko' lelopean.
Belaunaldien arteko ibilaldia goizeko 11:00etan irten da IMQ Igurco José M.ª Azkuna egoitzatik –Amorebietako hirigunean dago– eta herriko udaletxean amaitu da, non Sonia Cabezak, Gizarte Ekintza Komunitarioko zinegotziak, belaunaldien arteko elkartasunaren aldeko manifestu bat irakurri duen. Adinekoek eta ikasleek ez ezik, senideek eta komunitateko beste kolektibo batzuek ere parte hartu dute.
Manifestuan, zinegotziak hauxe adierazi du: «gazteen eta adinekoen arteko elkarrizketak, haien bizitzak aberasteaz gain, gizartea indartzen du». «Gaur bezalako egunetan», jarraitu du esaten, «elkar ulertze eta errespetu handiagoz aurrera egitea ahalbidetzen diguten zubiak eraikitzen ditugu. Belaunaldien arteko loturak zaintzen dituen gizartea bidezkoago, onberago eta indartsuago bihurtzen da».
El Carmelo Ikastetxearen partez, zuzendari titular Jon Rojasek hau esan du: «El Carmelo Ikastetxean hamar urte baino gehiago daramatzagu IMQ Igurco José M.ª Azkuna egoitzarekin belaunaldien arteko proiektu bat garatzen, eta horretan Batxilergoko ikasleek parte hartzen dute. Esperientzia horretatik igaro diren mailen bidez, nerabeengan giza garapen handia nabaritu dugu, eta adin desberdineko pertsonen arteko enpatia hobeto garatzen dela ere».
Elena Dacalek, IMQ Igurco Orue egoitzako (Amorebietako Dudeako San Migel auzoan kokatua eta ekimenaren sustatzailea) jarduera soziokulturaletako teknikariak, elkarrekin egindako ibilaldiaren helburuak belaunaldien arteko loturaren garrantzia agerian jartzea eta belaunaldien arteko bizikidetzaren balioa nabarmentzea izan direla azaldu du. «IMQ Igurco Orueri dagokionez, esaterako, urte asko daramatzagu belaunaldien arteko jardueren programa egituratu bat garatzen Lauaxeta Ikastolako ikasleekin, eta horiek, hain zuzen ere, ibilaldian parte hartu duten Orueko adinekoek eraman dituzten pankartetako batzuk egin dituzte».
Belaunaldien arteko ibilaldia egiteko helburuaz, IMQ Igurco Orueko zuzenari Rakel Llamosasek hau adierazi du: «adin guztiek garrantzia badutela eta bakoitzak zerbait berezia eta beharrezkoa badakarrela ezagutzera emateko egin da. Elkarrekin ibili gara gogoratzeko belaunaldien arteko jarduerak ez direla soilik adinekoen eta gazteen arteko topaketa bat: pertsona, familia, profesional eta boluntario guztien arteko konpromiso kolektiboa dira, elkarren ezagutzarekin eta harremanekin ehuntzen baitute guztiek benetako komunitatea».
«Belaunaldiak elkartzen direnean, denborak banatzeari uzten dio eta batzen hasten da», adierazi du zuzendariak.