- IMQ Igurcok eta Argibe Elkarteak duela sei hilabete Bizkaian abiarazitako esperientzia pilotu batek emaitza bikainak lortu ditu. 14 boluntariok bizitza eta esperientziak partekatu dituzte adinekoekin, hainbat aldiz astean.
- Boluntarioek eta adinekoek beraiek kontatu dituzte horrelako ekimenek dakarzkieten onurak.
IMQ Igurcok, Argibe Elkartearekin lankidetzan, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko eta talde soziosanitarioaren egoitzetako adinekoekin egoteko boluntariotza-ekimen bat abiarazi zuenetik sei hilabete igaro ondoren, ekimena arrakastatzat jo daiteke.
«Bizkaiko IMQ Igurco Unbe zentro soziosanitarioan, adinekoen Erandioko egoitzan, abiarazi zen programa, esperientzia pilotu gisa. Gaur egun, 14 pertsonak osatzen dute zentroko boluntariotza, eta haiek askotariko profilak dituzte. Era berean, udaldian boluntario ikasle gehiago izan dira, hain zuzen, 20tik gora boluntario. Esperientzia hain ondo doa, ezen gure asmoa 2026an zentro gehiagotara eramatea baita», azaldu du Naiara Fernández medikuak, IMQ Igurcoko asistentzia-zuzendariak.
Boluntarioen bisitetan hainbat jarduera egiten dira, hala nola sukaldaritza-tailerrak, mahai-jokoak, paseoak eta elkarrizketak. Psikologia ikasle den Sofiak, IMQ Igurco Unbe egoitzan boluntariotza zegoela jakin zuenean, parte hartzera animatu zen. Ikasketak praktikan jartzeko asmoak bultzatu zuela dio: «adinekoekin harremanak izateak, horiekin denbora emateak asko ikastea eragiten dit».
Aitortu duenez, unerik gogoangarrienetako bat izan zen egoitzako emakumezko adineko batekin elkarrizketa sakon bat izatea. «Emakumeak gauza asko kontatu zizkidan bere bizitza pertsonalari buruz, lotura emozionalagoa sortu ahal izan genuen, eta oso gogoko izan nuen hori. Gogoan boluntario izatea dutenei, zalantzarik ez izateko eta esperientzia horri ekiteko gomendatuko nieke, onura asko ekarriko baitizkie, bai ikuspegi pertsonaletik, bai emozionaletik».
Beste boluntario batek, Juanje Salguerok, adierazi du zentro soziosanitariora boluntario izatera joaten denean «ondo» eta «baliagarri» sentzitzen dela. «Maila emozionalean, onura ugari lortzen dituzu. Zentrora iritsi eta adinekoak ikusten dituzunean, galdera asko egiten diozu zure buruari: seme-alabarik ote dute?, bisitatzera etorriko ote zaizkie? Eta uste dut zerbait eman diezaiekedala, baina haiek niri ekarpen handia egiten didate. Batez ere, hemendik irteten naizenean, energia berritu antzekoa nabaritzen dut, gizartearen alde modu altruistan edo eskuzabalki zerbait egin dudala sentitzen dudalako. Ondo sentitzen zarelako egiten duzu. Ni, behintzat, indarberrituta irteten naiz».
Egoitzako adinekoen iritzi ona
Egoitzako adineko Carlos Sáezek, bestetik, gurpil-aulkian eserita dagoela, boluntariotza-programa ezarri izanagatiko poza adierazi du. «Jainkoari eskerrak, berton edozertarako boluntarioak ditugu. Adibidez, Arrosarioa errezatzeko boluntarioak, eta gurera etortzen den pertsonak bihotz-bihotzez egiten du, ni oso elizkoia bainaiz eta asko gustatzen baitzait. Egoitzara etortzen diren beste emakume batzuk gurekin etortzen dira gimnasia egitera. Boluntario ugari daude. Ekimen zoragarria da».
Egoitzako adinekoentzako eta boluntarioentzako onurak
«Egoitzetan adinekoekin boluntariotza-ekimenak egiteak bakardade-sentimendua arindu egiten du, eta, horrekin batera, estresa eta antsietatea, babes eta segurtasun emozionalaren sentsazioa ematen baitu. Halaber, ongizate emozionala hobetzen du, harreman horiek laguntza emozionala ematen dutelako eta bakardadearen eta gizarte-isolamenduaren sentsazioa murrizten dutelako; horrek, aldi berean, eragin positiboa izan dezake adinekoen ongizate emozionalean eta bizi-kalitatean», azaldu du Naiara Fernández doktoreak.
Aurrekoaz gain, geriatrak gaineratu duenez, boluntariotzak «autoestimua indartzen du, norbere burua aintzat hartu egiten dela sentiarazten duten lotura afektibo berriak sortzen baititu; osasun fisikoa hobetzen du, eragin positiboa baitu tentsio arterialean, sistema immunologikoan eta osasun fisikoaren beste alderdi batzuetan; eta kide izatearen zentzua sendotzen du, harreman sozial gogobetegarriak izateak komunitate baten parte sentiarazten baitu. Eta horrek zentzua eta helburua dakarzkio bizitzari».
Boluntariotzaren eremuan, jarduera horrek norbera aldaketaren eragile gisa aintzat hartzea sustatzen du, hots, aintzatespen pertsonala eta soziala, eta boluntario denaren autoestimua hobetzen du. «Programara hurbiltzen diren eta horretan parte hartzen duten pertsonentzat, esperientzia aberasgarria eta emozionalki esanguratsua da, baliagarritasun-, helburu- eta pertenentzia-sentimenduak sortzen dituelako. Trebetasun pertsonalak eta sozialak ahalbidetzen ditu, eta ikasteko eta hazteko aukera ematen du. Berez, norberaren bakardadearen aurkako jarduera da, eta etorkizunean larriagoa izango den gizarte-errealitate batekin bat egiten du. Horrelako boluntariotza egiteak, azken batean, boluntario denaren zoriona areagotzen du», azpimarratu du IMQ Igurcoko asistentzia-zuzendariak.
Nahi gabeko bakardadea Euskadin
Nahi gabeko bakardadea milaka adinekok bizi izaten dute Euskadin. Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, Euskadiko 65 urtetik gorako biztanleen % 24 bakarrik bizi dira, eta kopuru hori % 40ra igo da 85 urtetik gorakoen artean.
Boluntariotzaren bitartez adinekoen bakardadearen arazoari aurre egiteko sortutako ekimen horretan parte hartzeko asmoa dutenek, IMQ Igurcon eta Argibe Elkartean ekimen horretaz arduratzen direnekin jar daitezke harremanetan, helbide elektroniko hauetan: voluntariadoimq@igurco.es edo proyectosargibe@gmail.com.