- Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak jakinarazi duenez, Eguneko zentro berri honetan zerbitzu-eredu mistoa ezarri da. Bertan mendekotasunean dauden edo/eta desgaitasuna duten Mungialdeko 400 pertsona baino gehiago artatu ahal izango dira beren etxeetan, eta haiek zaintzen dituzten senideak ere bai. Ostiral honetan zentroaren aurkezpen ofiziala egin da ateak zabaltzeko egunean. Ekitaldian Gizarte Ekintzako diputatua, Amaia Antxustegi, eta Mungiako alkatea, Alaitz Erkoreka, izan dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak etxeTIC ereduarekin Mungian zabaldu duen zentro berria modu ofizialean aurkeztu zaie Mungialdeko herritarrei eta entitate sozialei ostiral honetan, ateak zabaltzeko eguna antolatuta. Gizarte Ekintzako diputatua, Amaia Antxustegi, eta Mungiako alkatea, Alaitz Erkoreka, instalazio berrietan zehar ibili dira, eta haiekin batera zerbitzua emango zaien udalerrietako alkateak ere gonbidatu dituzte. Era berean, IMQ Igurcoko ordezkariak ere izan ziren, hala nola Mikel Palazuelos eguneko zentro berriko zuzendaria, Eneritz Elgezua IMQ Igurcoko eguneko zentroen zuzendaria eta Santiago Canales euskal talde soziosanitario horretako zuzendari gerentea
EtxeTIC Mungian, Aldundiak, IMQ Igurcoren kudeaketaren bidez, etxean iraupen luzeko zainketak egiten laguntzeko zerbitzu publikoa eskaintzen du, mendekotasun- eta/edo desgaitasun-egoeran dauden pertsonei zuzenduta, adina edozein dela ere, bai eta zaintzaileei ere, batez ere senideei. Eredu honetan arreta presentziala eta teknologia aurreratua uztartzen dira zerbitzua etxe bakoitzeko beharrizanetara egokitzeko. Planteamendu hibrido horri esker zerbitzu pertsonalizatua eskaini daiteke; gainera, horren jarraipena egingo da, kasu batzuetan tableta bidez, etxean edukiz gero, edo telefonoz deituta, bestela. Guztira, zentroaren eragin-eremuko 9 udalerrietan 414 pertsonek erabil dezakete zerbitzua.
Gainera, Mungiako etxeTIC zentroak eguneko arreta eskaintzen die mendekotasunean dauden adinekoei.
9 udalerritako herritarrentzako zerbitzua
Mungiako etxeTIC zentro berriak udalerri hauetako herritarrei emango die zerbitzua: Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungia.
Gaur egun, mendekotasuna dauden 54 pertsonek eta haien senideek jasotzen dute zerbitzu hau eskualdean. Aldundia udalen eta toki erakundeen oinarrizko gizarte-zerbitzuekin koordinatzen ari da zerbitzuaren ezarpena, ahalik eta estaldura handiena bermatzeko.
Zerbitzuan alta emanda dauden berrogeita hamar etxeetatik 42 teknologikotzat jotzen dira, hau da, bertan bizi direnak erraz moldatzen dira teknologiekin eta ondo erabiltzen dute tableta zerbitzuaren jarraipenerako eta kasu-koordinatzailearekin hitz egiteko. Gainerako 12 etxeak analogikoak dira, eta jarraipena telefonoz egiten da. Halaber, zerbitzua jasotzen den 13 etxetan mendekotasunean dagoena adingabekoa da.
Erabiltzaile bakoitzak berarentzat berariaz prestatutako zaintza-plana dauka. Plana zaintzaileekin adosten da, kasuan kasuko lehentasunak eta beharrizanak aintzat hartuta. Zerbitzu honen bitartez, bertatik bertara zein modu telematikoan, laguntza soziala, psikologikoa, fisikoa eta teknologikoa ematen da, erabiltzaileen bizi-kalitatearen hobekuntza integrala sustatzeko eta komunitateko laguntza-sareak sendotzeko.
Zerbitzua jasotzen duen etxe bakoitzak Mungiako etxeTIC zentroko erreferentziazko profesional bat dauka esleituta, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiko kasu-koordinatzaile bat ere. Bien artean etxeko zainketen prozesu osoa kudeatzen dute eta horren inguruko orientazioa eta laguntza ematen dituzte.
Zerbitzua erabiltzea
EtxeTIC zerbitzua jaso nahi dutenek mendekotasun-gradu bat onartuta eduki behar dute, familia inguruneko zainketetarako prestazio ekonomikoa (FIZPE) jaso behar dute eta zentroetako baten eragin-eremuan bizi behar dute. Diseinu integralari esker zerbitzu hau tresna oso baliagarria da adineko pertsonen eta haien senideen bizimodua duinagoa eta jasangarriagoa izatea lortzeko.
Aldundiaren baliabide berri hau Mungiako Udalak lagatako 300 m²-tik gorako lokal batean dago, Olalde Beresia kaleko 3. zenbakian. Instalazioetan erabilera komuneko hainbat gune daude, erabiltzaileekin bakarka lan egiteko eremuak, erabilera anitzeko gune bat (honen barruan talde-jardueretarako eremua eta atsedengunea daude), jantokia, biltegia… Zentro berrian 650.000 euroko inbertsioa egin du Foru Aldundiak.
Zabalkundea mailaz maila, baina eten barik
EtxeTIC zerbitzuak Bizkaiko 2.000 etxe inguru artatzen ditu hurbileko 11 zentro komunitarioren bidez. Lehenengo zentroa Bilbon ireki zen 2021ean (IMQ Igurco Etxaniz). Ondoren Etxebarrikoa eta Zalla-Enkarterrikoa ireki ziren; bigarren horrek gune deszentralizatua dauka Karrantzan. Gero, aurretik zeuden eguneko sei zentro eredu honetara aldatu ziren: IMQ Igurco Ugao Gane (gune deszentralizatua Igorren), IMQ Igurco Leioako Estartetxe, Abanto-Zierbenako Bizigura, Sestaoko Berria, Bilboko Santutxu auzoko Karmelo eta IMQ Igurco Ondarroakoa (hau behin-behinean, harik eta Markina-Xemeingoa abian ipini arte). Azken biak Mungiako zentroa (2025eko otsailaren amaieran) eta Basaurikoa (hedatzen ari da) izan dira.