Kontaktatu

Zahartzearen seinaleei buruzko doako hitzaldia egin zen Durangon

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Ismene Arrinda IMQ Igurco Orue egoitza soziosanitarioko fisioterapeutak hitzaldi bat eman zuen, urriaren 27an, adintzearen berezko aldaketak eta hauskortasun- eta mendekotasun-arrisku handiagoa ekar dezaketen aldaketak identifikatzea hizpide hartuta.

  • Saioa Durangaldeko Bizidun adinekoen elkarteak antolatu zuen. 18:00etan egin zen, Durangoko Landako Elkartegiko areto nagusian. Autonomia zaintzeko jarraibideak ere eman zituen profesionalak, arreta berezia jarrita ariketa fisikoari eta indar muskularrari eusteari.

Mantsoago ibiltzea urteak betetzearen ondorio saihetsezina al da? Eta erorikoak izaten hastea? Zer gertatzen da laguntzarik gabe aulki batetik jaikitzea zaila izaten hasten denean? Izan ere, joan den urriaren 27an, 18:00etan, Durangoko Landako Elkartegiko areto nagusian Ismene Arrinda IMQ Igurco Orue egoitza soziosanitarioko fisioterapeutak, adinekoen arretan 15 urteko esperientziadunak, eman zuen hitzaldiaren ardatza ohiko zahartze-prozesuari loturiko aldaketak eta funtzionalitate-galera adieraz dezaketen seinaleak bereiztea izan zen. Profesionalaren jardunbideak eta prestakuntza espezializatuak –Zahartze Osasungarriari eta Bizi Kalitateari buruzko masterra du–, hainbat esparrutan, hala nola autonomian, funtzionaltasunean eta zahartze aktiboan sakontzeko aukera eman diote.

Durangaldeko Bizidun adinekoen elkarteak antolatu zuen hitzaldia, eta aldizka adinari egozten zaizkion ohiko egoerak izan zituen hizpide, hala nola mantsoago ibiltzen hastea, erorikoak izatea, aldi berean bi zeregin egiteko zailtasunak izatea edo aulki batetik altxatzeko laguntza behar izatea. Aldaketa horiek eta beste batzuk erne egoteko seinale noiz izan daitezkeen eta funtzionaltasunari eta autonomia pertsonalari ahalik eta denbora gehien eusteko eta zahartze aktiboa sustatzeko zein neurri har daitezkeen azaltzea izan zen helburua.

Hitzaldiak aukera eman zuen herritarrei funtsezko ideia hau jakinarazteko: «zahartzeak ez du zertan nahitaez autonomia galtzearen parekoa izan; aldaketa funtzional jakin batzuei erreparatzeak goiz jokatzen lagun dezake. Jarduera fisikoari, indarrari, orekari eta ohitura egokiei eustea funtsezkoa da zahartzean independentzia eta bizi-kalitatea zaintzeko», adierazi zuen fisioterapeutak.

Adinekoen hauskortasuna: itzul daitekeen egoera

Hauskortasuna izan zen jorratu ziren kontzeptuetako bat, desgaitasun aurreko egoera, besteak beste, indar muskularra eta erresistentzia murriztea bereizgarri duena. Adinekoak hainbat faktoretan duen zaurgarritasuna areagotzen du egoera horrek, eta osasun-arazoak, desgaitasuna eta independentzia galtzea eragin ditzake.

Hainbat ikerketaren arabera, 65 urtetik gorakoen % 12ri eragiten die gutxi gorabehera hauskortasunak, eta emakumeen artean prebalentzia handiagoa da. Hori detektatzeko, hainbat alderdi baloratu behar dira, hala nola nahi gabe pisua galtzea, atzitzeko indarra, ibileraren abiadura, neke sentsazioa edo jarduera fisikoaren maila.

Esku hartzeko aukerak

Hitzaldian, lehen seinale horiek agertzen direnean esku hartzeko dauden aukerak ere azaldu ziren. Ariketa fisikoa tresna nagusietako bat da narriadura funtzionala moteltzen edo lehengoratzen saiatzeko, batez ere hainbat osagai, hala nola ariketa kardiobaskularra, indar muskularra, malgutasuna eta oreka, bateratzen dituzten programen bidez.

Saioak indar muskularreko lana azpimarratu zuen bereziki, funtsezkoa baita eguneroko bizitzako jarduera ugari norberak bakarrik egiteko gaitasunari eusteko. Horrekin batera, orekak garrantzi berezia hartzen du erorikoren bat izan duten edo erorikoa izateko arrisku handia duten pertsonen artean. Erresistentzia da pertsonaren egoera psikoemozionalerako funtsezko beste alderdi bat, sozializazio handiagoa eta eguneroko zereginak ahalegin txikiarekin egiteko gaitasuna ahalbidetzen baititu.

Mugikortasunaren eta gaitasun kognitiboaren arteko erlazioa izan zen landu ziren beste alderdietako bat. Adindu ahala, ibileraren abiadurak eta narriadura kognitiboak gero eta lotura estuagoa dute. Ibileraren alterazioak eta funtzio kognitibo narriatua, gainera, adinekoen erortzeko arrisku faktore nagusien artean daude.

Erorikoak dira, hain zuzen ere, osasuna eta autonomia gehien arriskuan jar dezaketen gertaeretako bat. EAEn bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen erdiek, gutxi gorabehera, azken urtean erorikoren bat izan dute, eta erorikoek kasu jakin batzuetan ondorio larriak eragin ditzakete, esaterako hausturak edo burezur-garuneko traumatismoak.

Haustura baten osteko errekuperazio funtzionala profesional espezializatuen lana da: adinekoari modu integralean heltzen diote, haustura aurreko gaitasun funtzionala ahalik eta denbora laburrenean berreskuratzeko, prozesuan segurtasun handiagoa emanda. Ebidentzia zientifikoan oinarritutako teknikak erabiltzen dira, egoera bakoitzera egokitutako ekipamenduaren bitartez. Teknika horiek helburu horretarako berariaz sortutako errekuperazio funtzionaleko unitateetan egin ohi dira.