IMQ Igurco Araba egoitzak, Gasteizko Salbatierrabide kalean dagoenak, egoitzako plaza-kopurua handitzeko eskatu dio Arabako Foru Aldundiari, hain zuzen, 50 tokitatik 90 tokitara; edukiera berriak Arabako hiriburuaren erdialdean adinekoentzako egoitza-arretaren eskaintza handitzea ekarriko du.
% 80 handituko da edukiera, Osakidetzak, Arabako Foru Aldundiak eta IMQ Igurcok sinatutako hitzarmenari esker, IMQ Igurco Araba egoitza pandemiaren une gorenan covid-19dun adineko arabarrei arreta ematen funtsezko baliabidea izan ondoren.
Era berean, egoitzak Osakidetzarekin iraupen luzeko paziente kronikoak edo zainketa aringarriak behar dituztenak artatzeko sinatu zuen hitzarmena oraintsu amaitu ondoren gertatu da handitze hori, eta, horri esker, gaur egun egoitzan araudi berriena betetzeko egiten ari den eraberritzearen ondoren, adinekoentzako arreta jarduera bakarra izango da.
Errekuperazio Funtzionaleko Unitatea
Pandemia gainditu ondoren, ohikotasunera itzuli da zentroa, baita errehabilitazioko gimnasiora ere; bertan jarduera nabarmena egiten da errekuperazio funtzionaleko unitatean.
Errekuperazio funtzionaleko unitatea izeneko zerbitzua, berreskura daitekeen autonomia galera dakarren osasun-arazo akuturen bat gainditzen ari diren pertsonengan espezializatuta dago.
Errekuperazio funtzionaleko unitateak hiru paziente-mota hauei ematen die arreta: arazo traumatologikoak –esaterako, aldakako edo pelbiseko hausturak– dituzten adinekoak, lesioa sendatzen den bitartean berariazko errehabilitazioa behar dutenak; horiengan, mugikortasuna eta, hortaz, autonomia pertsonala berreskuratzean datza errehabilitazioa.
IMQ Igurco Arabako errekuperazio funtzionaleko unitatean artatzen diren beste paziente batzuk, hauek jasan dituzten adinekoak dira: istripu zerebrobaskularra (iktusa), garezur barneko lesio traumatiko baten ondoriozko odoljarioa, edo garuneko tumore baten ebakuntza. Kasu horietan, funtsezkoa da esku-hartze goiztiarra egitea errehabilitazio kognitiboan eta fisikoan, horrek, neurri handi batean, epe ertain eta luzerako pronostikoa zehazten baitu.
Azkenik, errekuperazio funtzionaleko unitatean eriondo luze eta ahulgarria (ospitaleratze luze bat covid-19aren ondorioz, pneumonia bat edo gernu-infekzio konplikatu bat, adibidez) igaro duten adinekoei ere ematen zaie arreta.
Adierazitako kasu guztietan, mediku geriatra batek zuzendutako jakintza-alor anitzeko talde batek (erizaintza, fisioterapia, lanbide-terapia, psikologia, etab.) esku hartzen duen plan pertsonalizatu baten araberako errehabilitazio-aldi baten ondoren, pertsonak etengabe lan egiten du lehenagoko autonomia-maila berreskuratzeko, etxera ahal bezain laster eta osasun-baldintza onenetan eta eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko gaitasun egokiarekin itzultzeko.
Jakintza-alor anitzeko langileak
IMQ Igurco Arabako lanpostuen zerrenda alor hauetako profesionalek osatzen dute: Medikuntza, Erizaintza, Psikologia, Fisioterapia, Gizarte Lana, Lanbide Terapia, Erizaintzako Laguntza eta Animazio Soziokulturala. Halaber, administrazioko, bezeroarentzako arretako eta beste zerbitzu batzuetako langileek ere lan egiten dute egoitzan.
Gasteizko Salbatierrabide kaleko 9. zenbakian dago zentroa, Arabako hiriburuko bizitegi-zona batean, unibertsitate-esparrutik eta Olarizu parketik gertu, hirigunearekin ondo komunikatuta.
Eraikinak 4.000 metro karratu inguruko azalera eraikia du; kanpoaldean terraza handi bat eta familientzako eta bisitarientzako lorategi propioa ditu. IMQ Igurco Arabak familia eta bere gizarte-ingurunea adinekoen arretaren dinamikan inplika daitezen errazten du eta, beraz, bisita-erregimen irekia du.
Egoitzako toki berrietan interesa dutenek 945 142 100 telefonoan, imqayuda@igurco.es helbide elektronikoan edo https://igurco.imq.es webgunean eskura dezakete informazio gehiago.