Kontaktatu

IMQ Igurco Alhondigak 160 pertsona artatzen ditu bere lehen urtean

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • IMQ Igurco Alhóndiga egoitzak, Concha Jeneralaren kalean dagoenak, 79 leku ditu, eta horietako 16 itunduak dira.

  • «Erdialdean egoteak erraztu egiten du pertsonek hiriarekin, beren errutinekin eta familia-, gizarte- eta kultura-ingurunearekin duten loturari eustea».

IMQ Igurco Alhóndiga egoitzak –Bilboko erdialde betean dago, Zabalgunean– jardueraren lehen urtea oso emaitza onekin amaitu du, eta «zaintza eguneroko bizitzarekin, autonomiarekin eta ingurunearekiko loturarekin uztartzen den leku» gisa finkatu da, egoitzako zuzendari Janire Santamaríaren hitzetan.

Concha Jeneralaren kalean zabaldu zenetik, 160 pertsona inguru artatu ditu zentroak, bai aldi baterako egonaldietan, bai egonaldi iraunkorretan. «Gure helburua izan da, hasieratik, bertan bizi direnak etxean baleude bezala sentitzea», azaldu du. Horren harira, azpimarratu duenez, «ez gara zaintzaz bakarrik ari, baizik eta laguntzaz, haien denborak errespetatzeaz eta haien bizimoduari ahal den neurrian eusteaz».

Egoitzak 79 leku ditu, eta horietatik 16 itunduak dira, gaur egun. «Horrela, adinekoentzako leku publiko berriak eskaini ahal izan ditugu, egitura demografikoa dela eta, eskari handia duen eremu batean», adierazi du.

Eredu pertsonalizatua eta familiei irekia

Leku horiek bizikidetza-unitateetan antolatuta daude, iraupen luzeko zainketetarako Aldundiaren jarraibide berriekin bat etorriz. «Antolaketa horri esker, pertsonak senideekin eta adiskideekin egon daitezke, etxean baleude bezala. Logelak pertsonalizatu ere egin ditzakete, eta hori duela urte askotatik egin daiteke IMQ Igurcoren egoitzetan, eta, pandemiaz geroztik, berariaz sustatu da».

IMQ Igurco Alhóndigaren asistentzia-eredua pertsonalizatua baita eta familiei irekita baitago. Arreta- eta bizitza-plan indibidualizatuetan oinarritzen da arreta, eta horiek diziplina anitzeko talde batek taxutzen ditu, familiekin elkarlanean. «Ez daude bi pertsona berdin, eta, beraz, ezin dira bi bizipen berdin egon», azpimarratu du Santamaríak, eta hau gaineratu du: «egoitzan zerbitzuak erabiltzaileen lehentasun, behar eta helburuetara egokitzen dira, ez alderantziz».

Zuzendariak azaldu du, esaterako, pertsona batzuek nahiago dutela beren betiko errutinak izatea, hala nola goiz jaikitzea eta inguruetatik paseatzera irtetea; beste batzuek zaletasunak dituzte, adibidez, sukaldaritza, eta eguneroko jardueretan parte hartzen dute; eta badira osasunarekin lotuago dauden helburuak dituztenak ere, esate baterako, oreka hobetzea ariketa-programa espezifikoen bitartez.

Egoitzaren egunerokoan, estimulazio eta dinamizazio soziokulturaleko jarduerak antolatzen dira —onarpen zabala eta parte-hartze handia dute, bai adinekoen artean, bai senideen eta adiskideen artean—. «Talde-gimnasia, fisioterapiaren arloaren bidez egiten dena, edo psikologiaren arloaren bitartez egiten diren jarduera esanguratsuak, dira adinekoen eta senideen gogokoen bi», esan du.

Familiekin konektatuta

Familiekiko harremana da, hain zuzen, egoitzaren beste euskarrietako bat. «Zentro irekia gara, bisita-ordutegi zorrotzik gabea, familia pertsonaren bizitzaren parte dela ulertzen baitugu», adierazi du zuzendariak. Lan horrek «konfiantza sortzen du, arazoak agertzea saihesten du eta, batez ere, zaintza hobea ahalbidetzen du».

Bestalde, baina aurrekoarekin lotuta, hurbilen dauden senideen jarraipena errazteko, tresna digitalak ere erabiltzen dira, hala nola ‘Egoitza Gardenak' aplikazioa, hori atzitzeko baimena dutenek adinekoen egunerokoa denbora errealean jarraitzeko aukera ematen duena. «Lasaitasuna emateko, jarraipena errazteko eta hurbiltasuna indartzeko modu bat da, baita bertan egoterik ez dutenean ere», zehaztu du Zuzendariak.

Kokapen estrategikoa eta bizitza aktiboa

Bilboko erdigunean egon izana da proiektuaren elementu bereizgarrietako bat. «Erdialdean egoteak erraztu egiten du pertsonek hiriarekin, beren errutinekin eta familia-, gizarte- eta kultura-ingurunearekin duten loturari eustea», azaldu du Santamaríak. «Horrek eragin zuzena du haien ongizatean».

Ingurune horrek, halaber, bizitza aktiboa ahalbidetzen du zentro barruan eta hortik kanpo. «Asmoa da pertsonek gogoko dituzten gauzak egiten jarraitzea, beren bizi-proiektuari eustea», adierazi du arduradunak, eta zentro barruko jarduerak zein txango kulturalak eta tokiko erakundeekin egindako lankidetzak nabarmendu ditu: «esate baterako, lehen urte honetan, Azkuna Zentroan, Guggenheim Bilbao Museoan edo Arte Ederren Museoan egon gara, besteak beste, eta gertuko erakundeekin lankidetzan aritu gara, hala nola EDE Fundazioarekin, Kontxa Ikastetxearekin edo Gurutze Gorriarekin», azaldu du.

Gogobetetze- eta hazkunde-maila handia

Lehenengo urtearen ondoren, zentroak gogobetetze-maila altua izan du. «Inkestek erakutsi dute balorazioa hamarretik bederatzi ingurukoa dela, bereziki taldearen arretari dagokionez (medikuntza, erizaintza, arlo psikosoziala, garbiketa eta beste batzuk) eta jarduerei dagokienez», adierazi du Santamaríak. Era berean, azpimarratu duenez, «zaintzaileak atseden hartzeko gurekin aldi baterako egon diren pertsona askok itzultzea erabaki dute, eta horrek zentroarekiko konfiantza erakusten du».

«Azkenean», amaitu du azaltzen IMQ Igurco egoitzako zuzendariak, «garrantzitsua da pertsona ondo sentitzea, lagundu egiten zaiola eta errespetatu egiten dela. Eta horixe da gure konpromisoa».