Kontaktatu

IMQ Igurco lokarririk gabeko zainketen alde agertzen da  adinekoei tratu ona emateko arau gisa

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Adinekoaren balorazio geriatriko osoa oinarri hartuta, pertsonarekin edo bere senitartekoekin adosten da banakako plana, adinekoaren eskubideak, askatasuna eta duintasuna aintzat hartuta.

  • Plan horren barruan, hainbat motatako neurri terapeutikoak har daitezke erortzeko arriskua murrizteko, erorikoengatik erabiltzen direlako gehienbat lokarriak zentro batzuetan.

Urtero, ekainaren 15ean, Zahartzaroko abusuaz eta tratu txarraz jabearazteko Munduko Eguna gogora ekartzen da, Nazio Batuen Erakundearen ekimenez. Izan ere, nazioz gaindiko erakundeak honela definitu du adinekoekiko tratu txarra: «ekintza bakarra edo errepikatua, adindun bati mina edo sufrimendua eragiten diona, edo ekintza hori saihesteko neurri egokirik ez hartzea, konfiantzan oinarritutako harreman baten barruan gertatzen dena». Tratu txarra era askotakoa izan daiteke, hala nola tratu txar fisikoa, psikikoa, emozionala edo sexuala edota konfiantza-abusua kontu ekonomikoetan eta axolagabekeriak.

Zentro batzuetan, adinekoen zaintzan, gaur egun ere, lokarrien erabilera da kontu eztadaidagarrienetako bat. Gai horri dagokionez, Naiara Fernández sendagileak, Geriatriako espezialista eta IMQ Igurcoko Asistentzia zuzendaria denak, adierazi du IMQ Igurcon lokarririk gabeko zainketen alde agertzen direla: «hainbat diziplinatako profesionalak ditugu taldeetan, adinekoak zaintzen adituak direnak, eta, adineko bat zentro batean sartzen denean, balorazio geriatriko osoa egiten diote, erabiltzailearen arriskuak, beharrak, ahalmenak eta gaitasunak ezagutzeko, baita lehentasunak eta espektatibak ere».

Balorazio hori oinarri hartuta, IMQ Igurco zentroetako asistentzia-taldeak banakako arreta-plan bat aurkeztu ohi du erabiltzailearekin eta, behar izanez gero, bere erreferentziazko senitartekoekin adostuta. Horrela, bermatu egiten da «adinekoaren komunitateko bizi-proiektuaren jarraitutasuna», baita «pertsonaren duintasuna» ere. Geriatrak azpimarratu duenez, «ez dugu batere gogoko zaintzen ditugun pertsonen askatasuna mugatzen duten lotura fisikoak erabiltzea».

Erabiltzaileari edo bere senideei aurkezten zaien planean jarduera terapeutikoak txerta daitezke, esaterako «muskuluak indartzea, osagai anitzeko ariketa, dementzia duten pertsonengan jokabide-sintomei ekitea, edo botiken preskripzioa optimizatzea, besteak beste».

Neurri terapeutiko horien helburua da eroriko gutxiago egon daitezen, «erorikoak baitira profesional batek edo mendekotasuna duen pertsonaren senide batek lotura fisiko bat aplikatzeko eskatzearen arrazoi nagusia, eta pertsona babesteko asmoaz egiten bada ere, hainbat eskubide azpiratzen ditu, baita pertsonaren duintasuna eta autonomia ere».

Jardunbide egokien gida

IMQ Igurcok badu, duela urte batzuez geroztik, tratu txarra prebenitu eta horri ekiteko protokolo bat, tratu txar fisiko eta ekonomiko posibleak eta oinarrizko beharren arretarik ezaren ondoriozkoak antzemateko.

Aurten, halaber, adinekoak tratatzeko jardunbide egokien gida zabaldu da erakunde barruan, eta hartan hainbat zehaztapen bildu dira alde hauei buruz: «hizkuntza inklusiboaren eta adinagatik diskriminatzen ez duen hizkuntzaren erabilera, zahartzaroaren irudi positiboa sustatzea eta giroak aldatzea (etxe-giroak eta adinekoak infantilizatzen ez dituztenak izan daitezen)», adierazi du IMQ Igurcoko Asistentzia zuzendariak.

Tratu txarra prebenitu eta horri ekiteko protokoloari dagokionez, «aktibatu egiten da adinekoa IMQ Igurco zentro batean sartzean edo horretan badagoenean gizarte-laneko arduradunak susmatzen badu erabiltzailea tratu txarrak jasotzen ari dela. Une horretatik aurrera, tratu txar fisiko eta ekonomikoen arrisku-faktoreak behatzen dira prebentzio-galdetegi baten bidez. Arrisku-faktore bi edo gehiago daudela egiaztatzen bada, egin beharreko esku-hartzeak diziplina anitzeko taldearekin koordinatzen dira, erabiltzailearekin adostuta, eta dagokion Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinarazten zaizkio. Era berean, detekzio-galdetegi bat egiten da arrisku-maila ezagutzeko eta emaitzaren arabera esku hartzeko. Jarraibideak ezarri ondoren, aldian-aldian baloratzen da arrisku-maila, prozeduraren jarraitutasuna zehazteko. Protokolo horri amaiera ematen zaio arrisku-faktorerik detektatzen ez denean eta erabiltzailearen segurtasuna eta ongizatea bermatu direnean», amaitu du azaltzen IMQ Igurcoko gizarte-langile Irene Ruescasek.

Erabaki partekatuak 

IMQ Igurco José M.ªAzkuna egoitzako neuropsikologo Ainara Castañosek hau azpimarratu du gainera: «erakundeen eta horietako profesionalen lan egiteko modua eboluzionatzen ari da tratu ona bultzatzen duen arreta-eredu bateratz». Horrek ez du esan nahi orain arte asistentzia-zentroetan banakotasuna oinarri hartuta lan egin ez denik, baizik eta zainketei buruzko erabakiak «profesionalek hartzen zituztela gehienbat, eta helburuak eta esku-hartzeak patologia, arrisku eta defizitetan oinarritzen zirela batik bat, indar eta gaitasunetan baino. Orain pertsonak berak edo bere senide ordezkariak egiten du arreta- eta bizitza-plana diziplinarteko taldearekin eta erreferentziazko profesionalarekin ados jarrita».

IMQ Igurcoko neuropsikologoak amaiera gisa hau adierazi du: «adineko baten bizitza- historia, bere lehentasunak eta desioak, helburuak eta espektatibak izan behar dira beti egoitzetan pertsonei ematen diegun arretaren ardatz nagusia»..