- Erabiltzaileen eskura solairu oso berritu bat jarri du: mila metro koadrotik gorako azalera, 140 metro koadroko terraza Durangaldeko mendietara begira, lau egonleku, liburutegia eta sukalde terapeutikoa.
- Solairu berriak banako hamahiru logela eta bi logela bikoitz ditu: edukiera, guztira, 17 lekutarako.
- Eremu berriak erabiltzaileen susperraldia, autonomia eta ongizatea bultzatzeko diseinatu dira.
Euskadiko IMQ Igurco talde soziosanitarioak IMQ Igurco Orue egoitza soziosanitarioko laugarren solairu berritua zabalduko du laster. Egoitza hori Amorebieta-Etxanoko Dudeako Done Mikel auzoan dago, eta zentroan egindako berrikuntzari esker, bertoko Errekuperazio Funtzionaleko Unitateak 17 leku izango ditu eta erabiltzaileen asistentzia- eta errehabilitazio-beharretara egokitutako eremuez hornituko da.
Solairuak 15 logela ditu: banako 13 eta bi bikoitz. Mila metro koadrotik gorako azalera eraikia du, eta horri 140 metro koadroko kanpoko terraza gehitu zaio.
«Zentroaren arreta-ereduaren bilakaera gisa pentsatu da berrikuntza, errekuperazio funtzionala erraztera, autonomia sustatzera eta egonaldian ongizatea eta esperientzia hobetzera bideratutako eremuen eskutik», adierazi du zentroko zuzendari Rakel Llamosasek.
Autonomia berreskuratzeko eremuak
Berrikuntzaren alde nagusietako bat sukaldaritza terapeutikoa da, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak tailer espezifikoen bidez lantzeko sortu dena. Hari esker, ingurune seguru eta ikuskatu batean, elikagaiak prestatzearekin eta eguneroko beste zeregin batzuekin loturiko gaitasunak egin ahal izango dira. Izan ere, gaitasun funtzionalak berenganatu eta etxera itzuli nahi duten pertsonentzako funtsezko eremua da.
Solairu berriak lau egonleku handi ere baditu, horietako bat liburutegia izateko sortua. Haietan jarduera terapeutikoak, sozialak eta aisialdikoak egin ahal izango dira, eta, era berean, atsedenerako eta bizikidetzarako gune bereiziak sortu dira.
Espazioen antolamenduak, halaber, terrazara solairuko bi muturretatik sartzea errazten du. «Horrela, kanpoaldea Unitatearen eguneroko bizitzan txertatzen da, eta paseatzeko, atseden hartzeko eta aire zabaleko jarduerak egiteko aukerak ugaritzen ditu», azaldu du zuzendariak. Paisaiaren bista ederrak izateak, gainera, kanpoko espazio horren balioa indartzen du, ongizaterako eta ingurune naturalarekiko konexiorako leku gisa ere sortu baita.
Errehabilitazioari aplikatutako teknologia
Unitatea handitu izanak teknologia berriak ere badakartza, hala nola IMQ IgurTEK tresna erabiltzeko tabletak, zentroan egingo diren fisioterapia-saio indibidualizatuen lagungarri.
Gailu horiek erabiltzeari esker, profesionalek agindutako esku-hartzeak indartu daitezke, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako edukien eta ariketen bidez. Horrela, teknologia baliabide osagarri gisa txertatzen da errekuperazio-plan pertsonalizatuen barruan.
Hala, gaitasun funtzionalak mantentzera eta berreskuratzera, erabiltzaileek errehabilitazio-prozesuan parte har dezaten laguntzera eta, ahal den guztietan, beren ohiko ingurunera itzul daitezen erraztera bideratuta dago arreta.
Arreta osoa eta pertsonalizatua
IMQ Igurcoko Errekuperazio Funtzionaleko Unitateek arreta ematen diete ebakuntza kirurgiko baten, istripu zerebrobaskular baten edo eriondo luze baten ondoren autonomia-galera berreskuragarria duten eta etxera itzuli aurretik zainketa espezifikoak behar dituzten pertsonei.
Horiei guztiei heltzeko, hauetaz baliatzen dira: jarraipen medikoa, erizaintza, fisioterapia eta errehabilitazioa, lanbide-terapia, arreta psikologikoa, eguneroko bizitzako jardueretan laguntzea eta jarraipen nutrizionala, besteak beste. Diziplina anitzeko taldeak pertsona bakoitzaren egoera aztertzen du, eta bere beharretara eta gaitasunetara egokitutako errekuperazio-plan bat ezartzen du
IMQ Igurco Orueko Errekuperazio Funtzionaleko Unitateak hamar urtetik gorako esperientzia du ospitaleratu ondoren aldi baterako egonaldia behar duten pertsonei arreta ematen. Unitatea handitu izanari esker, zerbitzu hori indartuko da, eta arreta profesionala, jarduera terapeutikoa eta ongizatea bateratuko dituen eremu berritu, irisgarri eta prestatuetan egingo da errekuperazioa.
Erreferentziazko zentro soziosanitarioa bere ingurunean
IMQ Igurco Orue ingurune eder batean dago, Amorebieta-Etxanoko Dudeako Done Mikel auzoan, Amorebieta-Etxanoko eta Durangoko hiriguneetatik eta Arratiako Haranetik gertu. Zentroak egoitza-arreta eta arreta soziosanitarioa ematen ditu, autonomiari eta bizi-kalitateari eustera bideratutako banakako planen bidez.
Errekuperazio Funtzionaleko Unitatea ez ezik, egoitza-arreta, erizaintza 24 orduz urteko 365 egunetan, jarduerak egiteko programak, lanbide-terapia, bizitzaren amaierako zaintzak eta erabiltzaileei eta haien familiei laguntzeko hainbat zerbitzu ere baditu. Zentroak, gainera, badu Bizkaiko Foru Aldundiaren sare barruko bost Egoitza Unitate Soziosanitarioetako bat, 20 leku dituena.