Kontaktatu

IMQ Igurcok ‘12 xede, konpromiso bera’ ekimena sustatu du

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Urte osoan zehar zabalduko da erakundearen egoitza eta eguneko zentroetan, arreta soziosanitarioan errespetuan, autonomian eta duintasunean oinarritutako kultura sendotzeko asmoz.

  • Naiara Fernández doktoreak, geriatra eta IMQ Igurcoko Asistentzia zuzendariak, esana: «Tratu onaren aldeko kulturarantz aurrera egiteak erantzukizun partekatua eta zaintzaren humanizazio-prozesua dakartza».

IMQ Igurcok “12 xede, konpromiso bera” ekimena jarri berri du abian. Proiektu hori urte osoan zehar gauzatuko da erakundeak Euskadin dituen egoitza eta eguneko zentroetan, helburu zehatz honekin: asistentzia-jardunbide egokiak finkatzea eta adinekoen errespetuan, duintasunean eta autonomian oinarritutako kultura sustatzea.

Proposamena zentro guztietan ezarriko da aldi berean, eta Tratu Onerako Batzordetik sortua da: organo hori duela gutxi eratu zen, taldeen sentsibilizazioa eta prestakuntza indartzeko eta profesionalei laguntzeko asistentzia-egoera zailetan edo arriskua ekar dezaketen horietan.

Batzordeak bi zeregin ditu. Alde batetik, taldeak prestatzea, arreta jasotzen dutenen ongizatean eragina izan dezakeen edozein inguruabar detektatu, ulertu eta prebenitzeko. Bestetik, tratuaren kalitatea arriskuan jar dezaketen egoerak kudeatzeko laguntza eta aholkularitza eskaintzea.

Haren ikuspegiak ideia nagusi bat du oinarri: tratu ona ez da arreta fisikora mugatzen, pertsona bakoitzaren lehentasunak, bizitza eta indibidualtasuna aintzat hartzea barne hartzen baitu, IMQ Igurcoren asistentzia-ereduaren funtsezko printzipioa baita.

Izan ere, eredu hori duela urte batzuetatik dago finkatuta, eta pertsona xede duen arretan oinarritzen da, hots, pertsonaren berezitasuna aintzat hartuta eta haren ohiturei, erabakiei eta ongizateari eustea sustatuta. Filosofia horren arabera, hilabetez hilabete jorratuko diren 12 xedek hausnarketa-ardatz izango dira zentroetan.

Egunerokotasunari balioa ematen dion ekimena

Arazo jakin bati erantzun beharrean, “12 xede, konpromiso bera” ekimena eguneroko jardunbideak ikusarazteko eta indartzeko asmoarekin sortu da: errespetuzko keinuak, entzute aktiboa eta zaintza arduratsua.

Eta ez da esperientzia pilotu hutsa. Ekimena aldez aurretik jarri zen abian erakundearen zentroetako batean, eta oso onarpen ona izan zuen profesionalen, erabiltzaileen eta familien aldetik. Emaitza horrek eragin du sare osora zabal dadila, eta agerian utzi du partekatutako ekintza txikiek zaintzaren kultura indartu dezaketela.

Hilero kausa desberdin bat jorratuko da –hala nola, intimitatearekin, autonomiarekin, aukeratzeko askatasunarekin edo infantilizaziorik ezarekin lotuta–, eta balio izango dute hausnarketa kolektiborako abiapuntu gisa. Ez dira arauak, ezta ezarpenak ere, baizik eta egunerokotasunari aplikatutako oroigarri praktikoak: gela batean sartu aurretik deitzea, pertsona bakoitzaren denborak errespetatzea, pertsonen gaitasunak ordezkatu gabe haien lagungarri izatea edo segurtasuna bermatzea, askatasuna mugatu gabe.

Zentro guztietan gauzatuko den konpromisoa

Ekimena modu koordinatuan gauzatuko da IMQ Igurcoren egoitza eta eguneko zentro guztietan, eta horretan profesionalek, erabiltzaileek eta haien familiek esku hartuko dute mailaz mailako sentsibilizazio-prozesu batean.

Naiara Fernández doktoreak, geriatra eta IMQ Igurcoko Asistentzia-zuzendariak, azpimarratu du tratu onaren kulturarantz aurrera egiteak «erantzukizun partekatua eta zaintzaren humanizazio prozesua» dakarrela. Horren harira, nabarmendu du garrantzitsua dela pertsona bakoitza bere osotasunean ezagutzea –historia, lehentasunak eta itxaropenak–, arreta benetan pertsonalizatua eskaintzeko.

Arreta humanizatuagorantz aurrera egitea

Ekimen hori abian jarri izana beste urrats bat da IMQ Igurcok duela hainbat urtetatik hona arreta-eredu humanizatuagoa lortzeko ibiltzen ari den bidean. Egungo testuinguruan, zeinean iraupen luzeko zainketa-zentroak erabat eraldatzen ari diren, Euskadiko talde soziosanitarioak argi du egoitza batean sartzeak ez duela pertsonen bizitza haustea ekarri behar, baizik eta haien ibilbidearekin eta nahiekin koherentea den jarraitutasuna.

“12 xede, konpromiso bera” ekimenaren eskutik, IMQ Igurcok berretsi du tratu ona ez dela noizean behingo ekintza bat, ezta mezu bakana ere, enpatian, entzute aktiboan eta aniztasunaren aitortzan oinarritutako lan egiteko modua baizik. Konpromiso etiko eta profesionala, egungo bizi-kalitatea hobetzen duena eta pertsona orok lortu nahi duen zaintza-eredua zehazten duena.