- Naiara Fernández doktorea, mediku geriatra eta IMQ Igurcoko Asistentzia Zuzendaria: «profesionalei beharrezko ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak eman behar zaizkie, arreta bihozberagoa eta adinekoen banakako beharrak oinarri hartzen dituztenak eskaintzeko, haien bizitzaren azken faseari kalitatea emateko» .
Arreta aringarria da Euskadiko Osasun Planean (2030) eta zehazki+ Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoan (2023-2027) onartutako jarduera sanitarioko eta soziosanitarioko arloetako bat. Aurkezpenean, hau azpimarratu da: «bizitzaren amaieran garrantzitsua da osasun- eta gizarte-eragileek esku-hartze aktiboa eta koordinatua egin dezatela, sufrimendu pertsonalean (fisikoa, psikologikoa, emozionala, soziala, familiarra eta espirituala) eta gerta daitezkeen beste premia garrantzitsu eta askotarikoei arreta ematen laguntzeko».
Jarraibide horien arabera, zainketa aringarriak «gaixotasun kronikoak fase aurreratuan dituzten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen duen arreta-ikuspegitzat hartuta, gaixotasun kronikoen abantzuarekin lotutako arazoei aurre eginez, sufrimendua prebenituz eta arinduz. Hori guztia, mina eta beste arazo fisiko, psikosozial eta espiritual batzuk azkar identifikatzen, eta behar bezala baloratu eta tratatzen», IMQ Igurco 2019an hasi zen bizitzaren azken fasean zainketa aringarrietan arreta espezializatua ematen.
Urriaren bigarren larunbatean Zainketa Aringarrien Mundu Eguna ospatzeko esparruan, Naiara Fernández mediku geriatrak eta IMQ Igurcoko Asistentzia Zuzendariak azaldu du zerbitzu hori pertsona hauek dituela jasotzaile: «gaixotasun aurreratua eta sendaezina, konplexutasun txikikoa edo ertainekoa, duten pazienteak familia-inguruneko egoerak etxean arreta ematea eragozten dutenean, eta bizitzako azken fasean adineko pazientearen eta haren familiaren erosotasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin».
Gaur egun, IMQ Igurcoren bizitzaren azken etapako zainketen arreta IMQ Igurco Unbe eta IMQ Igurco Orue Bizkaiko egoitza soziosanitarioetako instalazioetan ematen da. 2019. urteaz geroztik, Euskadiko talde soziosanitarioak zaintzen dituen adineko ugari dira zerbitzu horren onuradun.
Prestakuntza, ezinbestekoa
Halaber, IMQ Igurco beste erakunde batzuekin ari da elkarlanean, hala nola Fundación Pía Aguirrecherekin, profesionalak zainketa aringarrietan prestatzen laguntzeko, eta lankidetza hori euskal talde soziosanitarioaren barneko prestakuntza-planaren barruan kokatuta dago. «Gure helburua indarrak batzea da, gure profesionalak gaixotasun aurreratua identifikatzen eta tratatzen trebatzeko. Horretarako, profesionalei beharrezko ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak eman behar zaizkie, arreta bihozberagoa eta adinekoen banakako beharrizanetan oinarrituta dagoena eskaintzeko, pazienteei bizitzaren azken fasean kalitatea emateko», azaldu du.
IMQ Igurcoko adinekoei ematen zaien arretak hainbat alde barne hartzen du, esaterako, pertsonaren duintasuna zaintzea, nola zaindu giza gertutasunetik, nola errespetatu pazientearen balioak eta autonomia edota nola bizi galera. «Senide hurkoak ez dira ahaztu behar zainketa aringarrien ikuspegian, azken fase hori biziki bizitzen dutelako eta sentsibilitate eta hurbiltasun berezia eskatzen dutelako», zehaztu du Geriatriako espezialistak.
Zerbitzuaren ezaugarriak
IMQ Igurcoren bizitzaren azken faseko zainketen zerbitzuaren jasotzaileak paziente hauek dira: gaixotasun sendaezina, konplexutasun txikikoa edo ertainekoa, dutenak eta bizitzaren azken fasan daudenak, familia-inguruneko egoerak etxean arreta ematea eragozten dutenean. Horretarako, IMQ Igurcok diziplina arteko talde oso bat du, mediku geriatra batek zuzendua eta erizaintzako, psikologiako, fisioterapiako, gizarte-laneko, terapia okupazionaleko, animazio soziokulturaleko, erizaintzako laguntzako eta gerokulturetako profesionalek osaturikoa.
Egoitza soziosanitario biek, Unbek eta Oruek, beharrezko erosotasun- eta intimitate-bermeak dituzte, eta familiaren etengabeko presentzia errazten dute. Era berean, badute 24 orduko erizaintza zerbitzua, eta banakako espazio baten erabilera bermatzen dute, non erabiltzailearekin egoteko eta bertan inplikatutako guztien erosotasuna sustatzen den. Erizainak 24 orduz egoteak aukera ematen du hilzori-faseetan sor daitezkeen egoera konplexuei aurre egiteko, ospitaleko trantsizioak saihestuta eta etxean edo zentroan bertan hiltzea bermatuta.
Paziente bat bizitzaren amaierako zainketa-zerbitzuan sartzen denean, diziplina anitzeko erabateko balorazioa egiten zaio, eta familiaren egoera eta inguruabarrak aztertzen zaizkio. Balorazio horren ondorioz, pazientearen nahien arabera eta senideen lehentasunak kontuan hartuta, esku hartzeko plan bat egiten da, helburu argiekin eta pronostiko batekin.
Pazientea zerbitzu horretan dagoenean, haren bilakaeraren eguneroko jarraipena egiten da, besteak beste, sintomak kontrolatzeko protokoloak eta prozedurak aplikatuz (mina, disnea, eztula, disfagia, goragalea, gorakoak, idorreria, etab.), zainketa bereziak eginez (ahoaren eta azalaren zainketa, nutrizio eta hidratazioari arreta jarrita), laguntza psikologiko eta emozionala emanez, eta esku-hartze espiritual edo erlijiosoa eginez, adinekoaren lehentasunen arabera.