Kontaktatu
  • IMQ IGURCOK laguntzen zaitu
  • Inforesidencias atariak IMQ Igurco Alhóndiga egoitza bisitatu du Euskal Herrira egin duen bidaia geroasistentzialean

Inforesidencias atariak IMQ Igurco Alhóndiga egoitza bisitatu du Euskal Herrira egin duen bidaia geroasistentzialean

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Hainbat autonomia-erkidegotako eta beste herrialde batzuetako asistentzia-zentroetako hogei bat arduradunek bertatik bertara ezagutu zituzten Bilboko egoitza berrienaren instalazioak eta IMQ Igurcoren asistentzia-eredua.

  • Josep de Martíren hitzetan, «meritu handia du eraikin zahar bat egoitza bihurtu izanak; bizikidetza-unitateak ditu eta, gela bakoitza desberdina bada ere, benetako pertsonalizazioa ahalbidetzen du. Obratan zegoenean ikusteko aukera izan nuen, eta itxura ona zuen orduan, baina orain askoz gehiago gustatu zait».

‘Berrikuntza eta komunitatea’, lelopean, Inforesidencias.com atari espezializatuak bidaia geroasistentziala egin zuen Euskal Herrira, azaroaren 17tik 20ra bitartean, eta bidaia horren amaiera gisa, IMQ Igurco Alhóndiga, adinekoen Bilboko egoitza berriena bisitatu zuen. Talde horrek, Josep de Martí legelaria, gerontologoa eta Inforesidencias.com atariaren sortzailea buru izanda, hainbat autonomia-erkidegotako eta beste herrialde batzuetako, hala nola Argentinako, asistentzia-zentroetako hogei bat arduradun bildu zituen.

IMQ Igurco Alhóndiga egoitzan, IMQ Igurcoko zuzendari nagusi Santiago Canalesek egin zien ongietorria. Ondoren, euskal talde soziosanitarioaren Estrategia zuzendari Iñigo Elorza bertaratutakoei mintzatu zitzaien eta erakunde horren alderdi nagusiak, azpiegiturak, esperientzia, zerbitzu-zorroa eta asistentzia-eredua azaldu zizkien: «IMQ Igurcoko profesionalontzat asistentzia-eredua esku-hartzearen eta arretaren ideia dinamiko eta moldagarria da, adinekoen benetako behar aldakorretara bideratutako sistematzat jotzen baitugu, ahal den neurrian, aldaketa horien eraginari aurrea hartzen eta minimizatzen. Gure eredua diziplinartekotasunaren ideian oinarritzen da, eta, horretarako, profesional adituen talde kualifikatu bat dugu, kalitate-maila bikaina eta arreta profesionala, hurbila, pertsonalizatua eta onbera bermatzen dituena».

Adituak, halaber, zenbait alderdi ere azaldu zituen laburki, hala nola etxeko zainketa-planak, pertsonan oinarritutako arreta osoaren eredua edo pertsonak komunitate-bizitzarekin dituen loturak iraunarazteko prozesuak.

Iñigo Elorza mintzatu ostean, bidaia geroasistentzialeko partaideen aurrean profesional hauek aritu ziren: Janire Santamaría, IMQ Igurco Alhóndigako zuzendaria; Itziar Lejona, egoitza horretako sendagilea, eta Ainara Castaños, IMQ Igurcoko neuropsikologoa.

Era berean, Eneritz Elgezua IMQ Igurcoko Eguneko Zentroen zuzendariak eta Mikel Palazuelos erakunde horretako Etxeko Arreta Zerbitzuen Garapeneko arduradunak "IgurTEK, lagun egitea etxean" zerbitzua azaldu zuten. Zerbitzu honen helburua da adinekoak beren ingurune soziofamiliarrean ahalik eta denbora gehien egon daitezen erraztea, eta, aldi berean, zaintzaileari bere lana egiteko ezagutza profesionalak ematea. Hori guztia, IMQ Igurcoren asistentzia-esperientzia teknologia berriekin konbinatuz.

Bisita dela eta, bidaia Inforesidencias.com atariak antolaturikoen 52.a dela adierazi zuen Josep de Martík. «Atari barruan», esan zuen, «egoitzekin lotutako hainbat ekimen martxan jartzen ditugu, eta horietako batzuk bidaia geroasistentzialak dira. Espainiako eta Latinoamerikako hainbat tokitako profesionalak eta enpresaburuak eramaten ditugu egoitzak, eguneko zentroak, etxeko arreta eta, oro har, hainbat herrialdetako mendekotasunaren arreta nola funtzionatzen duten ezagutzera».

Erakunde horrek Erdialdeko Europako eta Ipar Europako herrialdeetatik antolatu ohi ditu bidaiak, baina Espainian zehar ere egiten ditu bisitak, baita “bidaia handiak” ere: «Amerikako Estatu Batuetan behin izan gara, eta Japonian, bitan. Ideia bikoitza da: parte-hartzaileek beste eredu batzuk bertatik bertara ezagut ditzaten eta haien artean networking-a egin dezaten. Gaur, adibidez, lau autonomia-erkidegotako partaideak eta Argentinako bi partaide ditugu. Batzuetan, zentro berritzaile bat, esaterako IMQ Igurco Alhóndiga, bisitatzen bezainbeste ikasten da autobusean hitz egiten eta esperientziak partekatzen».

IMQ Igurcoko egoitza hori zabaldu izanari buruz, adituak «aparta» deritzola adierazi zuen. «Uste dut erronka itzela gainditu dutela, ez baita gauza bera eraikin bat zerotik eraikitzea, lursail lau batetik abiatuta, edo eraikin zahar batetik abiatzea, horrek dakartzan zortasun guztiekin. Meritu handia du eraikin zahar bat egoitza bihurtzea, bizikidetza-unitateak dituena, zeinean gela bakoitza desberdina bada ere, benetako pertsonalizazioa ahalbidetzen duen. Obratan zegoenean ikusteko aukera izan nuen, eta itxura ona zuen orduan, baina orain askoz gehiago gustatu zait».

IMQ Igurcoren zainketa-ereduaren azalpenak entzun ondoren, alde hau nabarmendu zuen: «transmititzen duten gardentasunaren ideia eta zerbitzu-plataformaren kontzeptua, zeinaren bidez mendekotasuna duten adinekoei baliabide ugari eskaintzen zaien».

Azkenik, oro har IMQ Taldeaz eta bereziki IMQ Igurcoz hau adierazi zuen: «beti da onuragarria ikustea gehienbat osasun-arloan diharduen erakunde batek, IMQ-k, urrats bat aurrera egin zuela ulertzeko kontua ez dela soilik sendatzea, baizik eta ikuspegi sozial batetik zaintzea. Pertsonak, horietako askok mendekotasuna dutenak, bizitzako fase bereziki garrantzitsu batean zaintzea, eskuarki azken etapetan».

Azalpenak amaitu ondoren, egoitzan barrena ibili ziren, eremu hauek bisitatzen: bizikidetza-unitate bat, logelak eta guztientzako eremuak, besteak beste.