- Gizarte Kohesioko zinegotzi Carmen Díazek jendaurrean aintzat hartu ditu zaintzale getxotarren lana, Getxoko Udalaren izenean, eta opari bana eman die.
- Adinekoei etxeko zainketei laguntzeko IgurTEK zerbitzu teknologikoa aurkeztu zen topaketan.
Mendekotasuna duten senideak zaindu ohi dituzten 25 zaintzaile inguru omendu zituen Getxoko Udalak joan den ostiralean, azaroaren 5ean Zaintzaileen Nazioarteko Eguna gogora ekartzeko Muxikebarrin antolatutako topaketan. Ekitaldi horretan, IMQ Igurcok jardun zuen laguntzaile, erakunde hori arduratzen baita Getxoko Zaintzaileei Laguntza Zerbitzuaren Programaren ikastaro eta tailerretan prestatu eta kudeatzeaz.
Ekitaldian berrogeita hamar lagun inguru bildu ziren, eta Gizarte Kohesioko zinegotzi Carmen Díazek zaintzaileen ahalegina eta lana aintzat hartu zituen eta zainketek pertsona guztien, batez ere, mendekotasuna dutenen osasuna eta ongizatearen oinarri gisa duten garrantzia azpimarratu zuen. «Horregatik, getxotar horiengandik hurbil egon nahi dugu, horiei lagundu, eta beren lanerako eta autozainketarako tresnak emango dizkien ekintzak garatu. Horren haritik, zainketa pertsonalizatuko planetan eta zaintzaileentzako lasaitasun eta laguntza emozionaleko programa batean lan egiten jarraitzen dugu, taldeko laguntza emozionalaren, dolu prozesuetako talde-kudeaketa emozionalaren eta erlaxazio eta estimulazio kognitiboaren eskutik, besteak beste», adierazi zuen zinegotziak.
Ekitaldian, halaber, mendekotasuna duten senideak zaintzen dituzten pertsonen premiei buruzko azterlanaren datuak argitaratu ziren, eta bertan hainbat arazo, arrisku eta laguntza-behar identifikatu ziren. IMQ Igurcok egin zuen azterlan hori.
IgurTEK
Era berean, adinekoen etxeko zainketei laguntzeko IgurTEK zerbitzu teknologikoa aurkeztu zen topaketa horretan. IMQ Igurcoko Merkaturatze eta Negozioaren Garapeneko zuzendari Íñigo Elorzak azaldu zuen zerbitzu berria, ondoan Eneritz Elgezua, IMQ Igurcoko Eguneko Zentroetako –hala nola, Aiboa-Getxo– zuzendaria, izan zuela.
Íñigo Elorzak bertaratutakoei azaldu zien bezala, «IgurTEKen helburua da adinekoak beren ingurune soziofamiliarrean ahalik eta denbora gehien eta autonomia funtzional handienarekin eta bizi-kalitate hoberenarekin gera daitezen erraztea; era berean, zaintzaileei ezagutza profesionalak ematen dizkio beren lana egoki egin dezaten. Hori guztia, funtzio anitzeko plataforma teknologiko propio baten bidez, zeinari esker urruneko arreta egin daitekeen eta etxeko zainketei lagun dakiekeen».
IgurTEKen, kasu bakoitzak bere kudeatzailea du, IMQ Igurcoko erreferentziazko profesional bat, alegia, adinekoaren eta zaintzaileren eskura dagoena. Zerbitzu berriak hainbat etapa edo fase du, eta guztiak urrunetik egiten dira, garatutako plataforma teknologikoaren bidez, eta zentro soziosanitarioetan aldizka egonda.
Lehenik, balorazio osoa egiten da, eta adinekoaren familia-inguruneko pertsona edo ahaide batek, 20 minutu baino gutxiagoan, galde-sorta erraz bati erantzuten dio, Internet bidez. Datuak biltzeko, plataforma teknologikoak balorazio-eredu propioa erabiltzen du, nazioartean onartutako eskala geriatriko estandarizatuetan oinarrituta.
Plataformak datuak bildu ondoren, aztertu egingo ditu IMQ Igurcoko profesionalek baliozkotutako algoritmoen bitartez, eta gaitasunak, sindromeak, premiak eta arriskuak identifikatuko ditu, sozietate zientifikoen gomendioen arabera zehaztuta. Informazio hori emaitza-txosten batean agertuko zaio, ‘PDF’ formatuan, zaintzaileari, eta agiri horretan, emaitza horien arabera arlo bakoitzean egin beharreko esku-hartzeen proposamena ere txertatuko da. Emaitzak aztertu ondoren, plataformak berak zainketa-plan indibidualizatu bat sortuko du, eta horretan adinekoa zaintzeko helburuak eta ekintzak proposatuko dira, hori guztia, modu grafikoan eta egutegi baten bidez. Zainketa-plan pertsonalizatu horrek jasotako esku-hartzeak zainduarentzat nahiz zaintzailerentzat izango dira.
Aurrekoak ez ezik, zaintzaileak hainbat laguntza-zerbitzu ere ditu eskura, hala nola mendekotasun-egoeran dauden adinekoei arreta emateko eskuragai dauden zerbitzuei eta laguntzei buruzko aholkularitza, zainketak optimizatzeko gomendioak edo diziplina anitzeko prestakuntza laburrak. Azkenik, IgurTEK zerbitzuak jarraipena egiten du, eta adinekoaren eta zaintzailearen egoera aldizka baloratzen eta zainketen bilakaera kontrolatzen du.