- Urte-kopuruak jai ederra merezi izan du: euskal dantzak, Óliver eta Liuba magoen magia-ikuskizuna eta Kepa Junkeraren presentzia.
- Zamoran jaio zen Adela Sadia, eta 1949an Bilbora etorri zen bizitzera (77 urte, Hiribilduan). Bizitzaren zati handi bat Altamira auzoan bizi izan da.
Bizi-baldintzak eta osasun- eta gizarte-laguntza nabarmen hobetu izanari esker, gero eta pertsona gehiago iristen dira ehun urteko kopuru ikonikora. Hala ere, gutxi dira 107 urte betetzen dituztenak. Pertsona horietako batek, Adela Sadiak, oso konpainia onean ospatu du 107. urteurrena, adin bereko pertsona baten osasun-egoera desiragarria izanda gainera.
Adela Sadiak ez ezik, IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitzako beste hiru adinekok ere ospatu dute urtebetetzea duela gutxi, ehun urteko muga gaindituta: Cecilia Jiménez, Carmen Cornide eta Eloísa Pérez. Guztira, ehun urtetik gorako lau emakumek ospatu dute urtebetetzea, alajaina!
Urtebetetze-jaia IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitzan –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoa– izan da; izan ere, berton bizi da eta zaintzen dute Adela. Egoitzan, omenduaren senideek eta lagunek ez ezik, Kepa Junkera euskal musikari, konpositore eta ekoizleak –beti gertukoa eta giza ekimenekin konprometitua–, Zorrotzako Ibai-Arte Dantza Taldeko dantzariek eta Óliver eta Liuba mago ezagunek ere hartu dute parte.
Senide ugari izan dira ospakizunean, hala nola Marisa eta Ines alabak, Ruben eta Daniel bilobak, eta Iraide, Markel eta Nahia birbilobak. Olaya Dotor Lópezek adierazi duenez, «amama emakume borrokalaria izan da. Inoiz ez dio inori lanik eman nahi izan, eta, hala eta guztiz ere, senideok asko eman diogu, josteko eskaeren bidez, tolesturak egin eta kremailerak jar zitzan. Oso gogoko du jostea eta irakurtzea; orduak eman ditzake horretan. Oso emakume berezia da; ez da inoiz ezertaz kexatzen, ez du inor kritikatzen eta mundu guztiak balio du harentzat. Biloba batek izan lezakeen amamarik onena da».
IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitzako zuzendari Sonia Fernándezen hitzetan, «Adela oso pertsona berezia eta maitagarria da, inguruko guztiek biziki maite dute: profesionalek, senideek eta egoitzakideek. Egoitzan egunak generamatzan ilusio handiz une horren zain, urtebetetze hori ederki merezitako omenaldia baita. Guretzat oso hunkigarria da gure lanari benetako zentzua ematen dioten horrelako ospakizunetan parte hartu ahal izatea, eta gaur, guztiok maitekiro deitzen diogun bezala, Adelitaren bizitza ospatzeko bildu direnen poza partekatzea».
Urtebetetzean ez dira falta izan tarta, kandelak, Zorionak zuri kanta, opariak, desio onez eta hitz politez beteriko zorion-agurrak egoitzako profesional guztien aldetik eta, batez ere, ezagutzen duten pertsona guztien maitasuna.
Adelaren bizitzaren azalpena
Adela Sadia 1919ko urtarrilaren 30ean jaio zen Moraleja del Vino (Zamora) herrian, zortzi seme-alabako familia xume batean. Denboraren poderioz, herrian bertan Atanasio ezagutu zuen, zeinarekin 24 urte zituela ezkondu eta Leonera joan zen bizitzera, non Atanasio palari lanetan aritu zen.
Haurdun geratu zenean, Adelak jaioterrira itzuli nahi izan zuen erditzera, eta, beraz, senar-emazteen lehenengo bi seme-alabak Zamoran jaio ziren. Ondoren, Sevillara joan ziren bizitzera, eta etxe txiki baina eder batean bizi izan ziren, arrosondodun etxe batean. Atanasiok azukre-lantegi batean lan egin zuen, hondeamakina bat gidatzen. Sevillan jaio ziren bi seme gazteenak. Guztira, bi seme eta bi alaba izan zituzten.
Alaba gazteenak, Marisak, 7 hilabete zituenean (1949), familia osoa Bilbora joan zen bizitzera, aitaren lan-arrazoiengatik. Izan ere, Atanasioren amak Bilboko dirudunentzat egiten zuen lan. Harreman horiei esker, Adelaren senarrak Gallartako Cantera Franco-Belga harrobian lan egiteko aukera izan zuen. Geroago, Altamirara joan ziren bizitzera, eta senarra Miguel de la Viaren harrobian lan egiten hasi zen.
Familiak aitortu duenez, Altamiran oso zoriontsuak izan ziren. Familia osoak dio Adela oso auzokide ona zela. Aurreztailea ere bazen, eta trebe-trebea familiaren gastuak kudeatzen. Asko gustatzen zitzaion jostea (aurreko emakumeen zaletasuna), liburuak irakurtzea eta bazkalondoko irrati-nobelak garai hartako transistore txiki baten bidez entzutea.
Iloba Inesek dioenez, Adela apur bat lotsatia eta isila zen, baina «dena ematen zuen besteentzat; berea, guztiontzat». Senide guztiek esaldi berberak esaten dituzte. Bilobetako batzuk ere zaindu zituen, Marisaren semeak. Denborarekin, seme-alabak ezkondu ziren, eta Basurtu, Zorrotza, Galdakao eta Iturribidera joan ziren bizitzera. Senarra gaixotu egin zen, laringeko minbizi batek jota, eta ebakuntza baten ondoren, mintzamenik gabe geratu zen. Adela senarra zaintzen aritu zen. Azkenik, Atanasio 2014an hil zen, 96 urte zituela.
Adelak Altamiran bakarrik bizitzen jarraitu zuen, eta hainbat aldiz erori ondoren, hainbat aldiz aldaka hautsi eta kokzixa hautsi ondoren —azken haustura—, egoitza batean sartu zen, alaba Marisatik gertu. Handik gutxira, beste egoitza batera aldatu zen, IMQ Igurco Zorrozgoitira, eta bertan bizi da duela urte batzuez geroztik.
IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitzaz
IMQ Igurco Zorrozgoiti adinekoen egoitza eta eguneko zentroa Bilboko Zorrotza auzoan dago. Eraikina Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoa da, eta sei solairu asistentzial ditu, 120 logela —banako 100 eta 20 bikoitz— bainugela egokitudunak. Egoitza-unitateak 140 lagunentzako edukiera du, eta eguneko zentroak, 30entzako. Egoitzan nahiz Eguneko Zentroan Bizkaiko Foru Aldundiaren leku publikoak daude, baita leku pribatuak ere.