- Amorebieta-Etxanoko Udalaren Gizarte Ekintza eta Berdintasun sailaren laguntzarekin egin da jardunaldia.
- Gizarte Ekintzako zinegotziak, adinekoen arretako profesional asistentzialek eta ez asistentzialek, LGTBIQ+ mugimenduko aktibistek eta egoitza bateko erabiltzaile ohi batek esku hartu dute jardunaldian.
IMQ Igurco Orue egoitza soziosanitarioak eta IMQ Igurco José M.ª Azkuna foru-egoitzak, Amorebieta-Etxanokoak biek, herriko Udalarekin batera, jardunaldi bat antolatu dute LGTBIQ+ kolektiboaren gainean, adinekoen arretaren ikuspegitik eta LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren esparruan. Ekitaldi hori Orue egoitzako entzunaretoan egin da, ‘Respetamos y cuidamos en la diversidad’ (Dibertsitatean errespetatu eta zaintzen dugu) lelopean.
Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotzi Ainhoa Salterainek eta Naiara Fernandez mediku geriatra eta IMQ Igurcoko Asistentzia zuzendariak, ‘Abrazando la diversiEdad’ hitzaldia eman zuenak, parte hartu zuten jardunaldian.
Ondoren, mahai-ingurua egin zen belaunaldiarteko esperientziei buruz, profesional hauek eskutik: Mintxu Terceño, IMQ Igurco Orue egoitzako erabiltzaile ohia; Asmi Molina, Kaleidos, Krisol eta Gehituko aktibista intersexuala; Iker Martín, IMQ Igurcoko Kalitate arduraduna eta EHUko LGTB Ligako sortzailekidea, eta Aratz Castro, Bilbao Bizkaia Prideren koordintzailea Ortzadar LGBT Elkartean.
Mahai-inguruaren ostean, hitzaldi bat egon zen Aldarte eta Kili Kili erakundeetako aktibista transexual zornotzar Iraide Leginaren eskutik.
Bereizkeria bikoitza jasateko arriskua
Naiara Fernandez geriatrak jardunaldian adierazi zuen bezala, «adinekoen arretan lan egiten dugun profesionalok kezkatzen gaitu LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak adindu ahala bereizkeria bikoitza jasateak: adinarekin loturikoa eta gaztetatik homofobia edo transfobiagatik jasaten dutena. Bereizkeria-mota horiek bakardade eta isolamendu sozialeko egoerak agerraraz ditzakete, eta horrek oso eragin txarra du osasunean eta bizi-kalitatean».
IMQ Igurcoko Asistentzia zuzendariaren hitzetan, «profesionalak garen aldetik, adinekoen dibertsitatea agerian jartzeko erantzukizuna dugu, baita genero-identitateari eta orientazio afektibo-sexualari dagokienez ere, eta, hortaz, haien askatasun sexualaren eta afektiboaren garapena bermatzeko konfiantzazko espazioak sortu behar ditugu. Horretarako, profesional sanitarioen berariazko prestakuntzari ekin behar zaio, tratu konprometituaren sustatzaile gisa eta batzuetan ukatzen den askatasun-sentimendua errazte aldera».
‘Harrotasuna’
Amorebieta-EtxanokoUdaleko Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotzi Ainhoa Salterain Gandariasek hau azpimarratu du: «Amorebieta-Etxanok sexu-dibertsitatea eta genero-identitatea agerian jarri eta aintzat hartu nahi ditu. Horregatik jakinarazi diegu herriarrei ‘Harrotasuna’ kanpaina. Errespetuz dibertsitatearekiko konpromisoa azpimarratzaen duen udalerri batean bizi izateko harrotasuna ezagutarazi nahi dugu. Era berean, herritarrak gonbidatu nahi ditugu, alde batetik, LGTBIQ+ kolektiboa babestera eta agerian jartzera eta, bestetik, gure udalerrian gertatzen den edozein indarkeria homofoboren kontra gure gaitzespenik sendoena adieraztera».
Espazio seguru eta libreak
IMQ Igurcoko Kalitate arduradun Iker Martínek, jardunaldian parte hartu zuenak, hau azpimarratu zuen: «gure erantzukizuna da, profesional garen aldetik, LGTBIQ+ adinekoak askatasunez bizi eta beren buruak adierazteko espazio segurua ematea. Pertsonarengan oinarritutako arretak pertsona bakoitzaren sexualitatearen eta identitatearen alderdiak ere hartzen ditu. Horretarako, funtsezkoa da zentro soziosanitarioetan lan egiten dugunok, erakundeekin eta gizarte-eragileekin lankidetzan, horretarako behar den sentsibilizazioan, prestakuntzan eta adimen emozionalean aurrera egin dezagun».
Jarraitzeko, adituak adierazi du espero duela Amorebieta-Etxanoko IMQ Igurco egoitzak eta Udalak antolatutako jardunaldi hori «hamarkadetan zehar bere eskubideak aitortzeko borrokatzen ari den kolektibo baten normalizazioa eta tratu duina lortzen lagunduko duten ekimen askoren artean lehenengoa izatea».