Kontaktatu

Nola prebenitu zaintzailearen sindromea hamar urrats errazetan

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Mendekotasuna duen pertsona bat zaintzeak erantzukizun handia dakar berekin eta, ondorioz, nekea eta akidura fisiko, emozional eta soziala.

  • IMQ Igurcok gomendatzen du berariazko zaintza-plan bat izatea, mugak ezartzea eta laguntza bilatzea. Gainkargatik babesteak zaintzaileari ez ezik, zaintzak jasotzen dituen pertsonari ere mesede egiten dio.

Gizarte Eskubideen Ministerioaren datu estatistikoen arabera, Euskadin 336.616 pertsona omen daude mendekotasun-egoeran. Erakundeek mendekotasun-mailari buruzko 108.729 ebazpen izapidetu dituzte, eta Aldundiek 90.000 prestazio inguru eman dituzte arrazoi beragatik, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaritzaren datuen arabera.

Horren haritik, azaroaren 5ean Zaintzaileen Nazioarteko Egunaren oroitzapena egingo da. Egun horrez gain, aipatu beharra dago Nazio Batuen Erakundeak urriaren 29a Zainketen eta Laguntzaren Nazioarteko Egun izendatu duela oraintsu, zainketaren ekonomian inbertitzeko eta zainketa- eta laguntza-sistema egonkorrak ezartzeko beharraz jabetuta.

IMQ Igurco Eguneko Zentroetako psikologo Selene Sanchezek azaldu duenez, «mendekotasuna duen pertsona baten zaintzailea izateak esan nahi du urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan zaintzen dela, eta horrek erantzukizun handia dakar berekin eta, ondorioz, nekea eta akidura fisiko, emozional eta soziala, “zaintzailearen gehiegizko lana” izenez ezagutzen dena».

Gaixotasunaren iraupenak eta abantzuak «estres fisiko eta emozional itzela» dakarzkiote zaintzaileari, eta egoera horrek «aldaketa nabarmena dakarkio bizitzan, rolak aldatzen dira eta tristura, nahasketa eta babesgabetasun-sentimenduak agertzen dira, gaixotasunaz eta horri eman beharreko zainketez ez jakiteagatik. Horri gehitu behar zaio laguntzeko eta zaintzeko ardura ez dela beti partekatzen, eta horrek gehiegizko lana egoteko arrisku handiagoa dakar».

Hori guztia dela eta, IMQ Igurcoko psikologoaren aburuz, «ezinbestekoa da zaintzaileek beren buruak ere zaintzea». Jarraian, hainbat aholku emango dira, psikologoak proposatuta, gehiegizko lana ekiditeko.

  1. Egin zainketa-plan bat. Denbora modu eraginkorrean kudeatu, egunero errutina bat jarrita. Helburu jakinak eta errealistak jasoko dituen zerrenda bat egitea gomendatzen da.
  2. Partekatu zereginak edota eskatu laguntza. Laguntza eskatzea ez da ahultasunaren sinonimo. Zainketa partekatua gehiegizko lana arintzeko funtsezkoa bada ere, partekatzerik ez badago, komenigarria litzateke asistentzia-baliabideetara
  3. Bilatu laguntza. Laguntza-taldeetan parte hartzea modu bikaina izan daiteke esperientziak eta estrategiak partekatzeko, gainerakoengandik ikasteko eta ulertua eta lagundua sentitzeko.
  4. Zaintzen den pertsonaren egoera ezagutzeak lagun dezake gerta daitezkeen egoerak ulertzen eta erabiltzen.
  5. Jarri mugak. Garrantzitsua da onartzea ezin dela guztia egin. Muga argiak jartzeak eta “ez” esaten ikasteak nekea arintzen lagun dezakete.
  6. Zaindu norberaren burua. Komenigarria da norberak gogoko dituen jarduerak egiten denbora ematea, deskonektatzeko, baita ariketa-errutina eta dieta orekatua izatea eta lo nahiko egitea, indartsu eta osasuntsu egoteko.
  7. Adi alarma-seinaleei. Erne, sintoma hauek agertzen badira: suminkortasuna, nekea, loaren arazoak, etsipen-sentimenduak edo errudun-usteak. Sentimenduak adierazi behar dira, eta sintoma horiek agertzen badira, laguntza profesionalera jo beharko da.
  8. Ez utzi gainerako familiakideez arduratzeari. Familiarentzat denbora gordetzea funtsezkoa da, horrela bikotekidearekiko edo seme-alabekiko tirabirak saihestuko dira.
  9. Joan medikuaren hitzorduetara. Osasuna ezin da bigarren maila batean utzi. Kontsultetan zaintzailearen rolaren berri eman behar da eta sintoma fisikorik edo mentalik badago, adierazi beharko dira.
  10. Sustatu mendekotasuna duen pertsonaren autonomia. Garrantzitsua da arreta jasotzen duena ahalik eta autonomoen izatea. Oraindik egin ditzakeen jardueren partedun egiteak autoestimua indartzen lagunduko du.

«Zaintzaile izatea maitasun eta ardurazko zeregina da», jarraitu du azaltzen Selene Sanchezek. Adierazi du, halaber, beste batzuk zaintzeko lehenengo nork bere burua zaindu behar duela:«gogorarazi beharra dago sasoi ederreko zaintzaile bat kalitatezko zainketaren sinonimo dela. Nork bere burua gehiegizko lanetik babestea zaintzailearen beraren nahiz arreta jasotzen duenaren onerako da. Elkarren ongizatean inbertitzea da».